Maiatza bukaeran hasi zituzten Artekalen igogailu publiko bat ipintzeko lanak, eta matxuratuta zeuden eskailera mekanikoak kendu dituzte gaur, garabi handi baten laguntzarekin. Kalkulu eta probaldi ugariren ostean lortu dute eskailera airean ateratzea.
Arkhiru Arkitektoak, arkitektura eta hirigintza enpresa elgoibartarrak diseinatu eta idatzitako proiektua gauzatzen dihardute Artekalen, eta eskailera mekanikoak ordezkatzeko igogailu publikoa eraikitzea izango da inguru horretan egingo duten lan nagusia. Igogailua 2025eko urtarrilerako martxan egotea aurreikusten du Udalak.
Konponketa lanak Santa Ana kalean
Udaletik jakinarazi dutenez, hormigoia konpontzea eta bidean dauden kutxetak egokitzeko lanak hasiko dituzte, martitzenetik aurrera, Santa Ana kalean. Ondorioz, ibilgailuentzako zirkulazioa mugatuko dute, eta erabat itxiko dute 2. zenbakitik Eroski supermerkatura arteko kale zatia. Garajeetako erabiltzaileek bakarrik sartu ahal izango dute, eta karga eta deskarga lan puntualak egin behar dituztenek. Eragozpenak gutxitzeko bide alternatiboak erabiltzea gomendatu dute Udaletik.