Artekaleko eskailera mekanikoek denbora daramate zerbitzutik kanpo. Matxuratutako eskailerak konpondu baino hobe dela igogailu bat eraikitzea erabaki du Udalak, Errotaberrin egin zuten moduan. Igogailua eraikitzeko lnak lizitaziora atera zituzten otsailean, eta Arkhiru Arkitektoak, arkitektura eta hirigintza enpresa elgoibartarrak diseinatu eta idatzitako proiektua gauzatuko dutela jakitera eman du Udalak. Maiatzaren 27an hasiko dituzte igogailua eraikitzeko lanak, eta kontratuan jasota dagoenez, sei hilabeteko epea izango dute lanak bukukatzeko. Horregatik, igogailua 2025eko urtarrilerako martxan egotea aurreikusten du Udalak.
Igogailua egiteko hormigoia eta beirazko pieza handiak erabiliko dituztela aurreratu dute, estua eta iluna den eremua ahalik eta argitsuena izan dadin. Gainera, elementu berdeekin osatuko dute igogailuaren aurrealdean sortuko duten Artekale plaza. Igogailuak izango duen itxura ikus daiteke Udalak zabaldu duen irudi muntaian. Proiektuak 247.901,63 euroko aurrekontua izango du (BEZa barne).
Eraikitzeko garaian, eraikuntzako beharginek erabiltzeko etxolak jarriko dituzte trenbidearen ondoan dagoen parkean, eta itxi egingo dira Bernardo Ezenarrotik Artekalera doazen oinezkoen izkinak. Plaza horretan bertako bizilagunentzako atarirako sarbidea bakarrik utziko dute libre, baina gainerako guztia beteko dute.