Atzo gauean sartu ginen ofizialki udan, baina eguzkiak ez dio kukurik egin oraingoz bere urtaroari. Bart gauetik egin duen euriaren ondorioz bustita dago Sallobenteko berdegunea eta Ekigain jaia han ez egitea erabaki dute, beste urte batez, iaz ere erabaki bera hartu behar izan baitzuten, eta Sallobentetik Maalako parkera lekualdatu jaia. Azkenengoz 2018an egin zuten Ekigain jaia Sallobenten.
20:00etatik aurrera hasiko da jaia Bolatokiko parkean. Afaltzeko aukera izango dute bertaratutakoek -norberak etxetik eramandakoarekin-, eta musika eta dantzak izango dira 21:00ak bitartean. Ordu horretan hasiko dira prestatuta dituzten ekitaldi nagusiak. Herriko musikarien kantaldia iragarri dute 21:00etarako. Ainhitze Beristainek, Xabier Larrañagak, Maialen Etxeberriak, Noemi Araujok, Olatz Makazagak, Nahia Carrillok, Itxaso Alberdik eta Maddi Arrietak bost kantaren bertsioak joko dituzte, eta ondoren, Ekigain kantua entzuteko aukera izango da. Dantzarik ere ez da faltako udari ongietorria emateko jaian. Haritz euskal dantzari taldeko Iera Larrañagak gidatuko du dantza saioa.
Ekigain kanta estudioan grabatu du Amorantek
Uxue Alberdiren hitzen gainean sortu du Ekigain kantua Ibar Urizar 'Amorante'k. Iazko Ekigain jaian jo zuen estreinakoz jendaurrean (ikus goiko bideoan) eta orain Deustuko El Tigre estudioan grabatu du abestia, Jon Agirrezabala ekoizlearen gidaritzapean eta Hekthor Folk musikari arabarraren laguntzarekin. Bart gauerdian argitaratu zuen Amorantek Ekigain kanta, bere sare sozialen bidez, udari eta solstizioari ongi-etorria eginez.
Ver esta publicación en Instagram