Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak ekainaren 21erako antolatu duen Ekigain jaia izango da horietako bat. "Sua, ura, natura eta... gu, urteko egunik luzeena ospatzeko". Osagai horiek izango ditu Ekigain jaiak, antolatzaileen euren hitzetan. 19:00etan elkartuko dira Maalan Sallobentera oinez joateko, eta oinez joateko aukerarik ez dutenei 20:00etarako agertzeko eskatu diete.
Edaria han, jatekoa etxetik
Sallobenten afari-mokadua egingo dute, norberak etxetik eramandakoarekin, baina edaria bertan erosteko aukera izango da, Sallobenteko elkartekoek propio zabalduko dutelako elkartea. 21:00etan hasiko dute ekitaldia, suaren bueltan. Herriko musikarien kantaldia iragarri dute ordu horretarako. Ainhitze Beristainek, Xabier Larrañagak, Maialen Etxeberriak, Noemi Araujok, Olatz Makazagak, Nahia Carrillok, Itxaso Alberdik eta Maddi Arrietak bost kantaren bertsioak joko dituzte, eta ondoren, Ekigain kantua entzuteko aukera izango da. Uxue Alberdiren hitzen gainean sortu du kantua Amorantek, eta Deustuko El Tigre estudioan grabatu du Jon Agirrezabalaren gidaritzapean eta Hekthor Folk musikari arabarraren laguntzarekin.
Dantza eta suaren gaineko jauziak
Dantzarik ere ez da faltako udari ongietorria emateko jaian. Haritz euskal dantzari taldeko Iera Larrañagak gidatuko du dantza saioa, eta ondoren, eta tradizioak agindu moduan, suaren gainetik salto egiteko aukera ere izango du hala nahi duenak, txar denak uxatzeko. 23:00ak aldera amaituko dituzte ospakizunak eta etxerako bidea hartuko dute denek. Itzulerarako frontala edo kopeta-argia eramateko gomendioa egin dute antolatzaileek. Era berean, Sallobentera igotzeko ahal den kotxe gutxien hartzeko ere eskatu dute.
Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak 2016an antolatu zuen estreinakoz Ekigain jaia, udari ongi-etorria egiteko, eta hiru urtez jarraian egin zuten Sallobenten. 2018koa izan da han egin duten azkena. 2019koa eguraldiagatik laga zuten egin gabe eta pandemiagatik hurrengoak. Iaz berreskuratu zuten jaia, baina eguraldiagatik Maalako parkean egin zuten iazkoa.