Barikuan hasi eta astelehenean amaituko da Itzulia. Idiazabalen jokatuko dute prologoa, herrian barrena 2,1 kilometroko ibilbidea izango duen erlojupekoa. Itzuliko lehendabiziko etapa, baina, Mendaron hasi eta bukatuko da zapatuan, ekainak 22. Txirrindulariak 92 kilometroko ibilbidean lehiatuko dira, Kalbario eta Arribinieta gainetatik igarota. 10:30ean hasiko da Mendaroko etapa, Herriko enparantzatik (irteera neutralizatua), eta 12:43 eta 12:57ak bitartean amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek.
32 talde eta 179 txirrindulari
Guztira 32 taldek parte hartuko dute Itzulian, eta 179 bat txirrindulari bilduko ditu probak —gehienez sei eta gutxienez lau txirrindulari talde bakoitzeko—. Orotara, 270,6 kilometroko lasterketa izango da Idiazabalgo prologoa eta beste hiru etapatan banatuta.
Bigarren etapa Andoianen hasi eta bukatuko da domekan, eta 102 kilometroko ibilbidean lehiatuko dira. Legazpin amaituko da Itzulia astelehenean. Guztira, 74,5 kilometroko etapa osatu beharko dute txirrindulariek azken etapan. Legazpin hasiko da lasterketa eta Telleriarte auzoko ermitan izango du helmuga. San Joan jaien azkeneko eguna izango dute auzoan.
Iazko Itzulian sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu zuen Eneko Ortega txirrindulari elgoibartarrak, Mendaron jokatu zuten etapan ere bigarren eginda. Lukta taldeko Hector Alvarezek irabazi zuen 2023ko Itzulia.