Ohorezko Matrikuladun zortzi ikasle IES Elgoibar BHI ikastetxean

Barren 2024ko eka. 19a, 11:53

Ikastetxetik jakinarazi dutenez, Batxillerrean zortzi ikaslek lortu dituzte ohorezko matrikulak 2023-24 ikasturtean. Era berean, IES Elgoibar BHI ikastetxeko ikasleek emaitza apartak lortu dituzte selektibitatean.

Honako hauek dira matrikuladun ikasleak, argazkian goiko ilaratik eta ezkerretik hasita: Markel Gorosabel, Maialen Labrador, Nora Canton, Unax Fernandez De Jauregi, Ariane Vicente, June Etxabe, Irati Arriola eta Marina De Anta.
 Elgoibarko institutuko 148 ikasle aurkeztu dira aurten Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko (USE) sarbide fasera ("selektibitatea" izenarekin ezagutzen dena) eta guztiek gainditu dute.

Ohorezko matrikulak urtez urte Elgoibarko Institutuan:

2023 - 2022 -  2021 -  2020 - 2019 - 2018 - 2017 - 2016 - 2015 - 2014 - 2013 - 2012 - 2011 - 2010 2009 - 2008 2007 2006.

% 97,98k gainditu du

Hego Euskal Herrian 16.900 ikaslek egin dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa, eta EHUk jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurkeztutako 12.073 ikasleetatik 11.829k gainditu dute, hortaz, ikasleen % 97,98k gainditu du. Iazko USEn gainditutakoen portzentajea % 98,07 izan zen. Hizkuntzari dagokionez, 3.010 ikaslek gaztelaniaz egin dute proba (%74), eta gainerako 1.026ek euskaraz (%26). Zifra horiek "egonkor" mantendu dira azken urteotan.
 Aurtengo deialdian berritasun nagusi bat izan da, estreinakoz ebaluatu dituztela Lomloen jasotako Batxilergoko modalitateetako ikasgaiak; izan ere, 23 irakasgai izatetik 32ra igaro dira, eta, ondorioz, proben ordutegiak beste deialdi batzuetakoekin alderatuta egokitu behar izan dituzte.

USEk bi fase ditu: sarbide fasea, unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko Batxilergoko ikasleek gainditu behar dutena, eta onarpen fasea, borondatezkoa, sarbide fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena. Batxilergoko ikasleez gain, Goi Mailako Heziketa Zikloetako 849 ikaslek izena eman zuten onarpen faseko irakasgai desberdinak egiteko.
 
 Sarbide fasean, Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Espainiako historia ala Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia egin dute ikasleek.