Iruri Altzerreka izan zen bisitarietako bat, Mendaroko Txirristaka Saria bertsopaper lehiaketa irabazi berri duen bertsolari bizkaitarra, eta Josune Aramendi (Markina-Xemein, 1994) bestea. "Gustura jardun zuten elkarrekin, eta bertsoekin, jolasekin eta asmakizunekin gozatu zuten", azaldu dute bertso eskolako arduradunek.
Bertso Eskolan izena emateko epea, zabalik
Elgoibarko Udaletik gogora ekarri dute datorren ikasturtean ere jarraipena izango duela Bertso Eskolak, hortaz, LH4tik DBHra artekoek aukera izango dute bertsotan ikasteko. Orain arteko saioak astelehenetan egin izan dira, Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian, 17:00etan edo 18:15ean hasi eta ordubetez. Hala ere, izena ematen duten lagunen kopuruaren arabera erabakiko dute asteko eguna eta ordutegia. Bertso-eskolarako izen-ematea irailaren 20ra arte egin ahal izango da Udalaren Euskara Sailean: 943 744 366 telefono zenbakian, edota euskara@elgoibar.eus helbidean.
Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa jarri zuen abian 2004an, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan. Ekintza honen osagarri, 2020an, Bertso-eskola jarri zuen abian Udalak, eta ikasturte honetan bi talde aritu dira bertso-eskolan.