Honenbestez, hurrengo bi denboraldietarako kontratua adostu dute bi aldeek, jokalari elgoibartarrak eta EON Horneo Alicantek. Taldean jarraitzearena hartzeko erabaki "erraza" izan zela esan du Urruzolak, talde barruan oso pozik dagoela-eta. Hori bai, Bidasoak Urruzola berreskuratzeko aukera izango du 2024-2025 denboraldiaren amaieran. Jokalari gazteenek garesti dituzte minutuak gorengo mailan, eta euren progresioa ez eteteko beharrezkoa duten esperientzia hori han edo hemen bilatu behar dute. Bidasoako arduradunek erabaki zuten Ohorezko Mailan diharduen EON Horneo talde ona izan zitekeela Xabier Barreto eta Julen Urruzola moduko jokalari gazteek gehiago jokatuz eskarmentua hartzeko, eta prozesu horretan murgilduta daude orain biak, elkarrekin iritsi baitziren Alacantera eta biek sinatu dute bi denboralditarako kontratua.
C.D. Bidasoak eskerrak eman dizkie Barretori eta Urruzolari bidasotar gisa erakutsi duten konpromisoagatik eta inplikazioagatik, eta zorterik onena opatu die beraien ibilbide profesional eta pertsonalean.
Defentsan, zutabeetako bat
EON Horneo Alicante taldeko entrenatzailea den Fernando Latorre "oso pozik" dago Urruzolak zein Barretok denboraldi honetan izan duten bilakaerarekin. "Julenek bilakaera izugarria izan du, eta oraindik gehiago haz daiteke jokalari moduan, ez du daukan dena eman oraindik. Defentsako lanean gure zutabeetako bat da", adierazi du Latorrek. Elgoibartarrak 32 partida jokatu ditu, Ligako eta Kopako neurketak batuta, eta 18 gol sartu ditu. Liga txapelketan 11. postuan sailkatu da Eon Horneo Alicante, Ohorezko Mailan [gizonezkoen Espainiako bigarren txapelketa nagusia].