Asobal Ligako talderik indartsuenetarikoa da Irungo Bidasoa, eta ez da erraza taldean toki bat egitea. Jokalari gazteek minutuak behar dituzte eskarmentua hartzeko eta minutuok garesti daude Irun aldean. Hori dela eta euren garapenean behar duten eskarmentu hori eskuratzeko, bi jokalari gazte, Julen Urruzola eta Xabier Barreto, EON Alicante taldeari lagatzea erabaki du Bidasoa taldeak 2023-24 denboraldirako. Etorkizun handiko bi jokalari gazteon formakuntzan "pauso bat gehiago" izango dela esan du taldeko kirol zuzendaria den Julen Aginagalde jokalari ohiak. Irungo taldeak Lehen Nazional Mailan duen taldean aritu dira Urruzola eta Barreto, bereziki, azken denboraldietan, eta maila hori txiki geratu zaiela uste du Aginagaldek, eta Bidasoako talde nagusirako pausoa eman aurretik oso ondo etorriko zaiela Alicante moduko talde batean jokatzea, Asobal Ligaren azpitik dagoen mailan. "Lehiakortasun handia dagoen maila da, azken denboraldietan argi geratu den moduan, eta euren prestakuntza prozesu horretarako han jokatzea garrantzitsua izango dela uste dugu, are gehiago Fernando Latorre eta Iker Serrano entrenatzaileen aginduetara".
Urruzola baikor agertu da bere kirol ibilbideko erronka berrian. Etapa berri hau "oso polita" izango dela uste du, eta asko ikasteko asmoa du. "Oso pozik nago klubak duen proiektuaren parte izateaz". Dagoeneko hasi dute liga txapelketa eta 24-19 galdu zuten lehen jardunaldian Malaga taldearen aurka.
Julen Urruzolak 21 urte ditu, 2,04 metroko garaiera eta ezker hegaleko postuan jokatzen du. Urruzolak 2019-2020 denboraldi hasieran jaso zuen C.D. Bidasoaren deia, 17 urte zituenean, eta azken hiru denboraldiak egin ditu Irungo taldean. Guztira 16 partida jokatu ditu lehen taldearekin eta bi gol sartu. Gazteen mailetako Espainiako selekzioko deialdietan ere finko bat da Urruzola. 2022ko udan junior mailako Europako txapelketa irabazi zuen Espainiako taldearekin Portugalen. Aurten, berriz, Munduko Txapelketan lehiatu zen Alemanian, eta Espainia garaipena emateko faboritoetako bat zen arren, ez zuten eurek esperotako maila eman eta bederatzigarren postuan sailkatu ziren azkenean.