Sari horien bidez, urtero, Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) Lanbide Heziketako ikastetxeetan bultzatzen eta koordinatzen dituen ekintzailetza-programetako bakoitzeko proiektu onenak nabarmendu eta aitortzen dira; zehazki, Ikasenpresak eta Urratsbat programetakoak.
Urratsbat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako eta Tknikak koordinatutako Lanbide Heziketako ikasleek beraien enpresak sortzen laguntzeko programa bat da. Besteak beste, negozio ideiak bideragarriak diren aztertzen dituzte Urratsbat programan. LHko ikastetxeak benetako enpresa-haztegi bihurtzen dira, eta "aholkularitza eta laguntza osoa" jartzen dute ikasle ekintzaileen esku, beren enpresa martxan jarri ahal izan dezaten. Benetako enpresak. Halaxe egin zuen Iraia Barrutiak ireki asmo zuen Optika-Entzumen zentro batekin, Meka Lanbide Eskolan (beheko bideoan azaltzen du berak). Eta, bere proiektua izan da sarituetako bat 2022 eta 2023 urteetan sortu zituzten Urratsbat Enpresen artean. Emakumeek gidatutako enpresa onenaren saria jaso du Barrutiak, hain zuzen ere. Bilboko BAT dorrean banatu zituzten sariak, ekainaren 6an. Ikus hemen saritutako gainerako Urratsbat enpresak.