'Elgoibartik mundura' egitasmorako sortu dituzten webguneak aurkeztu dituzte ikasleek

Barren 2024ko eka. 11a, 15:22

Herriko ikastetxeetako ikasleek, Elgoibartik Mundura ekimenaren baitan, herriko elkarteentzat sortu dituzten webguneak aurkeztu dituzte gaur Aita Agirreko Kulturgunean, eta egindako lanagatik saria ere jaso dute ikasleek. 

Ingurune digitalean euskararen digitalizazioa eta erabilera sustatzeko ahalegin bateratuan, Elgoibarko Izarrarekin eta PUNTUEUS Fundazioarekin elkarlanean, 'Elgoibartik Mundura' proiektu berritzailea abiarazi zuen Elgoibartik Mundura Fundazioak 2024aren hasieran. Proiektu honen helburu nagusia Elgoibarko elkarteen digitalizazioa sustatzea eta ".eus" domeinuaren erabilera sustatzea da, eta jada eman ditu lehen fruituak. Izan ere, ikasleek webgune berriak garatu dizkiete, ezer kobratu gabe, Elgoibartik Mundura plataformarekin bat egin duten elkarteei. Gainera, lehen urtean webgunea doan gordetzeko domeinua eta hostinga izango dute. 

Proiektu honek elkarteen eta elgoibartarren benetako espiritua islatzen duela nabarmendu du Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak. "Gure gazteen dedikazioari eta elkarteen babesari esker, digitalizazio inklusiborako eta euskararen sustapenerako urrats garrantzitsua eman dugu gure udalerrian eta elkarte-sarean", esan du webguneak aurkeztu eta ikasleak saritzeko ekitaldian. 

Lorea Argarate zientzialari eta dibulgatzaileak gidatu du saioa, eta DJa ere badenez, musikaz girotu du ekitaldia.

Hona ekimenean parte hartu duten elkarteen zerrenda, eta parentesi artean webgunea garatzeaz arduratu den ikastetxea:

    • HAIZEA-Elgoibarko Emakume Taldea (Elgoibar Ikastola)
    • C.D. Elgoibar (Elgoibar Ikastola)
    • Inazio Bereziartua Musika Eskola (Elgoibar Ikastola)
    • Egur Arte Tailerra (IES Elgoibar BHI)
    • Zubi Ondo Xake Elkartea (IES Elgoibar BHI)
    • Atxutxiamika Aisialdi Elkartea (IES Elgoibar BHI)
    • Mauxitxa Txaranga (IES Elgoibar BHI)
    • Elgoibarko Jubilatuen Biltokia (Meka Lanbide Eskola)
    • Kalamua Guraso Elkartea (Elgoibarko Herri Eskola)


Webguneak bizirik mantentzeko formakuntza

Ikasleek garatu dituzten webguneak bizirik mantentzea Udalaren ardura izango da.. Horretarako, formakuntza saioak eskainiko dizkiete elkarteei, webguneak modu autonomoan elikatu, mantendu eta kudeatzeko gai izan daitezen. "Prestakuntza horri esker, elkarteek tresna digital berriez baliatzen jarraituko dute eta online presentzia modu iraunkorrean indartuko dute".

Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariek aurreratu dutenez, ekimena baloratzeko bilera egingo dute datorren astean, ekimenaren bigarren edizio bat egin eta elkarte gehiagorengana zabaltzea bideragarria den aztertzeko, besteak beste. 

Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei, erakutsi duten "konpromisoagatik eta gogoagatik". Hiru dimentsiotan ikusteko betaurrekoak oparitu dizkiete ikasleei.

Hona ekitaldia, irudietan: