'Elgoibartik mundura' egitasmoa aurkeztuko dute martitzenean Aita Agirre Kulturgunean

Barren 2024ko eka. 10a, 12:34

Ekainaren 11n aurkeztuko dute Elgoibartik Mundura egitasmoa, Aita Agirre kulturgunean. Elgoibartik Mundura ekimena Elgoibarko ikastetxe eta elkarteei haien webguneak sortzen laguntzeko ekimena da.

Ekimen honen bidez, STEAM bokazioak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak uztatzen dituena) sustatu nahi dituzte, eta baita euskararen erabilera ere arlo honetan. Azkenik, Interneteko .EUS domeinuaren ikusgarritasuna ere handitu nahi da. ‘Elgoibartik Mundura’ Kaixo Mundua metodologian oinarritzen da. PUNTUEUSen proiektu bat den metodologia honek bi sari lortu zituen Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen dituzten STEAM sarien hirugarren edizioan.

Ekimenarekin bat egin dutenek kosturik gabe garatuko dituzte webgune berriak, eta, gainera, doan izango dituzte domeinua eta webgunea gordetzeko hosting-a lehenengo urtean. Ekimenaren sustatzaileak Elgoibarko Udala, PUNTUEUS fundazioa, Elgoibarko Izarra eta herriko ikastetxeak dira.
Aurkezpen ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta Lorea Argaratek (Bilbo, 1990) gidatuko du. Zientzialaria, dibulgatzailea eta sortzailea da. Ikasketaz Telekomunikazio ingenieria da, musika elektronikoa jorratzeko hainbat proiektutan parte hartu du eta dibulgazio zientifikoan aritzen da. TAZEBAEZeko ekintzailea ere bada. Herriko ikastetxeetako ikasleek elkarteentzat sortu dituzten web guneak aurkeztuko dira, eta amaieran DJ saioa eskainiko du Argaratek.

Lotura duten albisteak:

Ekimenean parte hartu duten entitateak: 

IKASTETXEAK:
    • Elgoibar Ikastola.
    • Herri Eskola.
    • IES Elgoibar BHI.
    • Meka Lanbide Eskola. 

ELKARTEAK:
    • Atxutxiamika Aisialdi Elkartea 
    • C.D. Elgoibar
    • Egur Arte Tailerra 
    • Elgoibarko Jubilatuen Biltokia
    • HAIZEA-Elgoibarko Emakume Taldea
    • Inazio Bereziartua Musika Eskola 
    • Kalamua Guraso Elkartea 
    • Mauxitxa Txaranga 
    • Zubi Ondo Xake Elkartea