Guillermo Ramos Muñoz izan zen azkarrena 2,6 kilometroko ibilbidean. Salamankako mendi lasterkariak irabazi berri du Igoera bertikalen Espainiako Txapelketa eta sasoi betean jarraitzen du. 33 minutu eta 12 segundoan gainditu zuen 972 metroko desnibela. Iñigo Lariz sailkatu zen bigarren postuan, 35:41ko denbora eginda. "Guillermok eginiko igoera zoriondu besterik ez dago, sekulako lasterkaria izateaz gainera, sasoiko dago. Atzetik, bigarren posturako borroka polita eduki dugu Thomas Darrodesek eta nik", azaldu du Larizek. Antolatzaileak ere zoriondu ditu Larizek, eginiko lanagatik, eta berriro itzuliko dela agindu du, "behin bakarrik ez, sarritan itzultzeko asmoa daukat".
Emakumezkoetan Mendaroko Lizarpe mendi taldeko kidea den Ainara Urrutia gailendu zen (44:12), Veronica Sanchez eta Carmen Rosaren aurretik.
Hona lehen gizonezkoen ailegaera.
Egizabaldarrak bikain
CATT Morkaiko trail taldeko kide gehiago ere lehiatu ziren Fuente De-n. Martin Egizabal elgetarrak lehen postua lortu zuen jubeniletan (41:06) eta bigarrengoa bere anaia Pablo Egizabalek (44:14). Iñaki Egizabal 26. postuan sailkatu zen, eta laugarren denborarik onena egin zuen beteranoetan, 42:50.