Euskararen eta euskal gizartearen garapen digitalari lotuta dago PuntuEus fundazioaren jarduna, eta horretarako sortu zuten 2018- 2019 ikasturtean Kaixomundua.eus hezkuntzaproiektua ere: webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzeko eskolakomunitatean eta eduki digitalak euskaraz sortzera bultzatzeko ikasleak. Ondoren, pandemia garaian, merkatari eta elkarteei digitalizatzen laguntzeko proiektua jarri zuten martxan PuntuEus-etik, ikusi zutelako merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza establezimendu asko zeudela oraindik digitalizatu gabe, eta urrats hori egiten zutenek, gainera, gehienetan, ez zutela euskaratik egiten. Hala, proiektu pilotuak abiatu zituzten zenbait udalerritan, digitalizazio prozesu horiek PuntuEus-en balioak kontuan hartuta gauza zitezen: zibersegurtasuna zainduta, Interneteko harremanak seguruak izan daitezela ziurtatuta eta bertatik bertarako arreta eskainita. Besteak beste Oiartzunen, Zumaian eta Elgoibarren sortu zituzten proiektu pilotuak, eta beste abantaila batzuen artean, urtebetez domeinua eta zerbitzaria doan eskaini zizkieten webgunea euskaraz sortu edo berritu nahi zuten enpresa, saltoki, ostalaritza establezimendu, elkarte eta entitateei. Eta hain justu ere, bi programa horiek uztartuta sortu dute Elgoibarko Udalarekin eta Elgoibarko Izarra Euskaltzeon Topagunearekin elkarlanean abiatu duten proiektu pilotua: Elgoibartik mundura. Asmoa zera da: Elgoibarko establezimendu, elkarte eta entitateen beharrak asetzea, herriko eskoletatik.
"Elgoibarko Udaletik esan ziguten ea zergatik ez genituen jartzen Kaixomundua.eus proiektuan webguneak sortzen ikasten ari ziren herriko eskoletako ikasleak herriko elkarteentzako webgune errealak sortzen", azaldu du Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariak. Proba gisa hasi dute proiektua Elgoibarren, baina PuntuEus-en garbi dute eredua egokia dela eta nahi lukete emaitzak ebaluatu ostean proiektua beste herri batzuetara zabaltzea. Interesa agertu duenik bada, gainera. "PuntuEus-ek hitzarmena sinatuta dauka Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko merkataritza elkarteekin digitalizatzen laguntzeko, eta Arabakoek, esaterako, galdetu dute proiektuaren inguruan. Gasteizen jarri nahi zuten martxan, baina lehenengo baloratu behar dugu Elgoibarkoak zer ematen duen".
Herriko lau ikastetxetako ikasleak ari dira parte hartzen Elgoibartik mundura ekimenean, 11 urtetik 16 urtera bitartekoak: Elgoibar Ikastolako DBH3koak, Institutuko DBH4koak, Herri Eskolako seigarren mailako ikasleak eta Mekan Administrari laguntzaile zikloa egiten ari diren ikasle talde bat, eta bederatzi dira Elgoibarren martxan jarri duten proiektu piloturako onartu dituzten eragileak: Haizea Elgoibarko emakume taldea, C.D. Elgoibar, Inazio Bereziartua musika eskola, Zubi-ondo xake elkartea, Egur arte tailerra, Atxutxiamaika aisialdi elkartea, Mauxitxa txaranga, Elgoibarko jubilatuen biltokia eta Kalamua guraso elkartea. Horietatik musika eskolak bakarrik dauka gaur webgunea, baina aukera eman diote parte hartzeko eta ikasleek hobetu dezaketen ikusteko.
"Herriko zenbait merkatarik ere eman zuten izena egitasmo honetarako, baina aukeratu beharra zegoen, eta Udalak irabazi asmorik gabeko elkarteak lehenestea erabaki zuen, webgune bat sortzeko baliabide ekonomiko txikiagoak izango dituztelakoan", zehaztu du Oier Albizuri PuntuEus-eko proiektu arduradunak. Kaixomundua.eus egitasmoan bezala, hemen ere, ikasle horiek lehiaketara aurkeztu ahal izango dituzte gero sortutako webguneak, hala nahi izanez gero, eta epeetan sartzen baldin badira. Eskolan sortuko dituzte webguneak ikasleek, irakaslearen laguntza teknikoarekin. PuntuEus-ek,
bestetik, behar duten material guztia erraztuko die garapenerako: azpiegitura teknikoa (domeinua, zerbitzaria eta zibersegurtasunerako azpiegitura) eta webguneak hutsetik sortu ahal izateko lagungarri izango zaizkien bideo-tutorialak. Era berean, Kaixomundua.eus programan parte hartzen ari diren gainerako eskolek ez bezala, Elgoibarkoek PuntuEus-eko teknikariaren aholkularitza ere badute. "Elgoibarko kasuan, irakasleekin harreman zuzena daukagu, jarraipena egiteko. Aldiz, Kaixomundua.eus proiektuan parte hartzen duten beste eskolak erabat autonomoak dira, eta gu ez gara ezertan sartzen haien lanean", zehaztu du Waliñok. Kasu honetan, gainera, webgune erreala sortu behar dute ikasleek ikasturte bukaerarako, elkarteen beharrei erantzunda, eta bukaeran, entrega egin behar diote dagokion elkarteari, haiek jarrai dezaten elikatzen. "Ikasleek beren proiektua dagokien elkarteari transferitu behar diote eta hor ere parte hartzen dugu guk, eskualdatze hori berme guztiekin egin dadin, webgune horren jabetza elkarteena izango baita gero", gehitu du Albizurik. Salbuespen bakarra Kalamua guraso elkartearen webgunearena izango da. Herri Eskolako LH6ko ikasleek sortuko dituzte Kalamua guraso elkartearen eta eskolaren beraren webguneak eta etorkizunean webgune horiek elikatzea ere ikasleen arduran geldituko da. "Ikasgaian sartuko dute webgunea eguneratu eta elikatzea eta aurrerantzean LH6ko ikasleen ardura izango da".