San Bartolome jaiak antolatzen dihardu Elgoibarko Udalak herriko eragileekin batera. Umeen eta Nerabeen Eguneko hainbat ekimen Atxutxiamaikaren bitartez kudeatuko ditu Udalak. Egun horietako ekintzak antolatzeko parte-hartze prozesu bat abiatu zuten Gazteria eta Hezkuntza Sailaren bidez, eta ume zein nerabeen iritzi-ekarpenak aintzat hartuta antolatu dituzte jaietarako ekintzak. Antolatzaileek bi galdetegi prestatu dituzte ekintzetan izena emateko, eta interesatuek ekainaren 20rako bete beharko dituzte.
LH1etik LH6ra arteko umeek hartu ahal izango dute parte Umeen Eguneko ekintzetan galdetegi hau beteta, eta DBH1etik DBH4ra artekoek, berriz, Nerabeen egunerako galdetegia bete beharko dute.
Galdetegi horiei esker, gazteek jardueretan nola parte hartu nahi duten adieraz dezakete, antolatutako bazkarietara joango direla baieztatu dezakete, eta eguna ospatzeko kamisetaren (kamisetak sortzeko bi lehiaketa antolatu dituzte) neurria eta kolorea aukera ditzakete, besteak beste.