Nino Bravoren azalean sartuko da Serafin Zubiri gaur gauean, Elgoibarko Udal Musika Bandarekin

Barren 2024ko eka. 7a, 13:02

Serafin Zubiri Udal Musika Bandarekin batera iazko santa Zezilia Eguneko kontzertuan. Arg: Joserra Cabrera.

Azken urteotako ohiturari jarraituz, kalera irtengo da gaur Elgoibarko Udal Musika Banda. Herriko Antzokiko oholtza alde batera utzi, eta Kalegoen plazan emango dute kontzertua gaur gauean, eta ez edonolako kontzertua gainera. 

Kontzertu berezia izango da. Serafin Zubiri musikari nafarra gonbidatu dute, eta Nino Bravo zenaren azalean sartuko da, haren kantarik ezagunenak interpretatzeko. 22:30ean hasiko da saioa.
 
Aurreko edizioetan Celtas Cortos taldearekin ere jo izan dute, rock gaua egin zuten, gospel talde batekin ere eman zuten kontzertua eta, iaz, oso goian jarri zuten langa Queen Gauarekin.

Hala ere, gaur, dena ematera irtengo direla azaldu gu Gorka Mujika Udal Musika Bandako zuzendariak: "Kontzertu oso berezia izaten da hau guretzat. Herriarri zerbait desberdina eskaini nahi izaten diogu, eta aurtengoa ere handia izango da. Lan handia egin dugu emanaldia prestatzeko, eta nik uste dut jendeari gustatuko zaiola".
Serafin Zubiri musikari ezaguna da, bereziki bere ahotsagatik. Nino Bravoren omenezko musika-bira egiten dihardu, eta abesti horiek bandakoak lagun dituela kantatuko ditu gaur. Iñaki Urkizu Bilboko Musika Bandako zuzendariak moldatu ditu kantak bandarako, eta hamabost bat pieza prestatu dituzte guztira. "Serafin sekulako artista da. Ikustekoa da itsua izanda nola moldatzen den oholtza gainean, eta nola joten duen pianoa. Izugarria da", esan du Gorka Mujikak. Aspalditik dute lagun Zubiri Bandan, eta iazko Santa Zezilia Eguneko kontzertura ere gonbidatu zuten. "Gaur gauean eskainiko dugunaren aurrerapen modukoa izan zen kontzertu hura, eta Herriko Antzokia kantuan jarri zuen. Gaurkoa ere handia izango da".


Gorka Mujika: "Musika arloan osasuntsu gaude"

Elgoibarko Udal Musika Bandak arrakasta handia dauka Elgoibarren, eta hori ondo eginiko lanaren emaitza dela uste du Mujikak: "Ordu asko eskaintzen dizkiogu bandari, eta kontzertuak mimoz prestatzen ditugu. Txomin Mujikaren aurkezpenei esker saioak oso entretenigarriak izaten dira, eta normalean, kontzertu batera etortzen denak, errepikatu egiten du". Elgoibar kultur arloan, eta bereziki, musikan aberatsa dela nabarmendu du zuzendariak: "Sekulako Udal Musika Banda daukagu Elgoibarren. Kide guztiak lagun onak dira, pertsona demasak, eta esango nuke musikari gisa are hobeak direla. Gure artean giro oso ona daukagu, eta hori kontzertuetan ere transmititzen dugu. Igarri egiten da hori". Bandaz gain, musika eskolak egiten duen lana ere goraipatu du: "Kalitatezko musikari pila bat ditugu Elgoibarren, eta azkenaldian talde asko sortu dira. Musika arloan osasuntsu gaude". 

Iaz, Queen Gauean Maalan bizi izan zen giroa: