Hiru abesti jo zituen Bandak eta laugarrengoan igo zen oholtzara Serafin Zubiri abeslari nafarra, Nino Bravo abeslari ezagunaren kantekin osatutako poupurri bat abestera. 50 urte bete dira aurten Nino Bravo ezinenaz ezagunagoa zen Luis Manuel Ferri Llopis abeslari valentziarra hil zenetik, eta haren abestirik ezagunenak kantatu zituen Zubirik, 'America', 'Noelia', 'Un beso y una flor', 'Te quiero' eta 'Libre', besteak beste. Herriko Antzokia bete zuten ikusleek eskatuta, Zubirik berriro irten behar izan zuen eszenatokira beste abesti sorta bat abestera. Guztiz asetu gabe gelditu ziren entzuleek hurrengo urteko ekainaren 7an izango dute Elgoibarko Udal Musika Banda eta Serafin Zubiri elkarrekin egiteko gai direna bizitzeko aukera berri bat. Kalegoen plazan izango da orduan, eta ordu eta erdi inguruko saioa prestatzen ari direla aurreratu dute. Muga oso goian jarri du aurten Queen Gauak, baina Queenen abestiekin sortu zuten pareko giroa sortu nahi dute Serafin Zubirirekin Kalegoen plazan.
• Patxi Zabaletaren ezustekoa Serafin Zubirirentzat
Zapatuko kontzertuan Pedro Zapatari omendaldia ere egin zioten bandan sartu zela 50 urte bete direlako aurten (ikus BARRENi eman zion elkarrizketa). Kontzertua amaitutakoan, ohitura duten moduan, musikari guztiek elkarrekin bazkaldu zuten Sigma jatetxean. Serafin Zubiri ere joan zen bazkarira eta Patxi Zabaletak ezusteko bat zion gordeta, bere abestietako bat ikasi baitzuen azken egunetan. Elkarrekin abesteko prest al zegoen galdetu zion Zabaletak Zubiriri, eta baiezkoa eman zion honek. Elkarrekin abestu zuten bazkalostean (ikus Zabaletak bere sareetara igo duen bideoan)
Jose Ramon Cabrerak bideoan jaso zuen Serafin Zubirik abestu zuen kontzertuko zatia: