Espainiako Superkopa eta Kopa irabazi ostean, liga txapelketa ere irabazi du Super Amara Bera Bera taldeak, denboraldi aparta borobilduz. Finalean Atticgo BM Elx izan dute aurkari, EHF European Cup txapelketa irabazi berri duen taldea. Maiatzaren 29an Gaska kiroldegian jokatu zuten joaneko neurketan 30-26 gailendu ziren donostiarrak. Zapatuan jokatu zuten itzulerakoa Elxen, eta 27na berdindu zuten, azken minutuetan markagailua irauli eta gero, 17-11 aurretik joan baitzen etxeko taldea. Golen aldea ez dute aintzat hartu ligako azken fasean, ezta finalean ere. Hortaz, azken minutuetara artean markagailua berdindu samar egoteak bizitu egin zuen emozioa. Gol bat gora-behera zegoen garaikurra arauzko denboran eskuratzea, edo luzapena jokatu beharra. Partida luzapenera eramateko aukera izan zuen Elxek azken jaurtiketan, ia denbora agortuta, baina sekulako gelditua egin zuen Maddi Aalla gorliztarrak, Bera Beraren historian geratuko den geltitua. Horri esker, berdinketarekin amaitu zen arauzko denbora eta Bera Berak eskuratu zuen titulua, ligan lortzen duen bederatzigarren garaikurra.
Agur goxoa hainbat jokalarirentzat
Garaipen honekin donostiarrek agur goxoa egin ahal izan diete taldea lagako duten zenbait jokalariri. June Loidi elgoibartarraz gainera, beste sei jokalarik lagako baitute taldea: Maddi Aalla eta Alice Silva atezainek, Mariane Fernandesek brasildarrak, Malena Calvok, Emma Boadak eta Lydia Blancok. Garaipenez jositako etapa bikain baten amaiera izan daiteke.
June Loidiri dagokionez, bere kirol ibilbideko etapa "polit" bati amaiera eman dio eta bide berriak urratzeko ilusioz eta gogoz dagoela adierazi du. Xixongo La Calzada taldean jokatuko du aurrerantzean.
Bera Berarekin egin duen ibilbidean sei titulu eskuratu ditu Loidik: bi Liga (20-21 eta 23-24), bi Kopa (23 eta 24) eta bi Superkopa (2022 eta 2023an). Defentsako lanean nabarmendu bada ere 113 gol sartu ditu hiru denboralditan.