June Loidik ez du Bera Beran jarraituko

Barren 2024ko mai. 24a, 11:47

Bideak banatzea erabaki dute June Loidi eskubaloi jokalari elgoibartarrak eta Super Amara Bera Bera taldeak. Loidik Liga irabazita agur esateko aukera du, Ligako finala jokatzeko sailkatu berri baitira donostiarrak.

Datorren astean amaituko da June Loidik Bera Bera taldean egin duen ibilbidea, Liga amaitzearekin bat. Sanloko harrobian hezitako jokalaria 2021-22 denboraldian joan zen Donostiako talde indartsura, Barakaldoko Zuazo taldean hiru denboraldi egin eta gero. Bera Beran ere hiru denboraldi osatu ditu, baina lagatzeko unea dela erabaki du. 24 urteko jokalariak protagonismo handiagoa eduki nahi du kantxan, eta Donostian azken aldian eduki ez dituen minutu horiek Guerreras Iberdrola Ligako beste talde batean pilatu nahi ditu. Halaxe azaldu du Bera Berak, prentsa ohar bidez: "Loidik leku garrantzitsua izan du super amara Bera Beran, gehienetan defentsako erdialdean arituz. Halere, taldean bere papera ezagutu arren, Loidik minutuak pilatu nahi ditu Guerreras Iberdrola Ligako beste leku batean". Donostiako kirol taldeak zorterik onena eta kirol arrakastak opatu dizkio agur mezuan. Loidik 93 partida jokatu ditu Bera Berarekin hiru denboralditan, eta orain arte, 114 gol sartu ditu.

Xixoneko La Calzada taldean jokatuko du Loidik

Motive La Calzada (Xixon, Asturias) taldeak gaur bertan jakinarazi du June Loidi fitxatu dutela hurrengo denboraldirako. 

Bera Berak June Loidi agurtzeko zabaldu duen irudia.


Ligako finala, Elxen aurka

Bera Berarekin egin duen ibilbidean bost titulu eskuratu ditu Loidik: Liga bat (20-21), bi Kopa (23 eta 24) eta bi Superkopa (2022 eta 2023an). Maiatzaren 13an irabazi zuten azkena, Espainiako Kopa, zaleen aurrean. Kopa ez ezik, Guerreras Iberdrola Liga ere irabazteko aukera izango du Bera Berak. Finalerdietan Malaga kanporatu zuten donostiarrek, asko sufrituta, luzapenean. Elxen kontra jokatuko dute final handia. Elxek European Cupeko finala jokatuko du gaur, eta hori dela-eta, Ligako finalaren joanekoak ez du datarik oraindik. Gasca kiroldegian jokatuko dute joaneko neurketa hori. Itzulerakoa, berriz, Elxen izango da, ekainaren 1ean.