Aurreko astean aurkeztu zuten azoka Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak, Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendari nagusiak, Jose Ignacio Ortiz de Urbina AIMHEko presidenteak, Jose Perez Berdud AFM Clusterreko presidenteak eta eta Mari Carmen Gorostiza makina erremintaren nazioarteko biurtekoaren arduradunak.
Azokak arlo hauetako enpresak bilduko ditu: erauzketako eta deformazioko makinen fabrikazioa eta banaketa (%35), robotika eta automatizazioa (%20), erremintak eta osagarriak (%12), industriara aplikatuko digitalizazioa (%9), osagai mekanikoak (%9), produkziorako eta enpresarako zerbitzuak (%6), fabrikazio aditiboa eta 3Da (%5). Eta berrikuntza gisa, aurten, robotika, automatizazio eta digitalizaziorako gune berezi bat ere egongo da, baita Demo Robot gunea ere, eta enpresa liderrek robot kartesiarrak, artikulatuak, industrialak, kobotak, autonomoak eta AMRak erakutsiko dituzte.
Antolatzaileen esanetan, aurtengo azokaren datuek sektorearen errealitatea islatzen dute. 2022ko zifrekin konparatuz, hazkundea %22,6koa izan dute fabrikazio-teknologia aurreratuek eta makina-erremintak, "marka
historiko bat". Produkzio-bitartekoen inbertsioari dagokionez, berriz, urtea "oztopoz beterik" egon da, "berebiziko ziurgabetasunagatik eta zailtasunengatik". Hala eta guztiz ere, azken bi urteotan eskaerak pilatu direnez gero, sektorearen fakturazioa handitzen joan da, eta 2.157,3 milioi eurora iritsi da.
Askotariko sektore eta jardueretan (automozioa, aeronautika, aeroespaziala, trenbidea, energia, siderurgia eta ekipamenduondasunak, besteak beste) diharduten hainbat trakzio-enpresa garrantzitsuk BIEMHeko enpresekin bilerak lotzeko eta inbertsioak handitzeko interesa berretsi dute eta bultzada horri esker, 75 herrialdetatik datozen eta pisu handikoak diren bisitari profesionalek eman dute izena: AEB, Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Portugal, Turkia, Kanada, India, Txina eta Mexikokoak.