Izan ere, 2022an esku hutsik gelditu zen Bera Bera orduan ere Illunben jokatu zuten Kopan finalera ere ezin izan baitzuten ailegatu. Iaz donostiarrak izan ziren berriro ere onenak Malagan jokatutako Espainiako Kopan, baina zaleen aurrean kopa altxatzeko gogoa zuten, duela bi urtekoa ahazteko. Eta lortu dute. Bera Berak zortzigarrenez irabazi du Espainiako Kopa.
Barikuan eta zapatuan jokatutako final-laurdenetako eta finalerdietako kanporaketetan aurkariak baino gehiago izan zen Super amara Bera Bera taldea. Barikuan 35-23 irabazi zion Mecalia Atletico Guardes taldeari, eta finalerdietako lehian ligako egungo txapelduna den Costa del Sol Malaga taldea kanporatu zuten, 30-25eko emaitzarekin. Finala ere nagusitasunez irabazi zuten etxekoek, Aula Valladolid taldeari 32-24 irabazita. 4.200 lagun baino gehiago batu ziren Illunben finala zuzenean ikusteko.
Bera Bera taldearekin lortzen duen laugarren titulu da honakoa June Loidirentzat. 2021eko udan batu zen taldera eta gaur arte Liga txapelketa bat (2022), Espainiako Kopa birritan (2023 eta 2024) eta Superkopako titulu bat eskuratu ditu.
Espainiako Erreginaren Kopa jokatzen den asteburua urteko politenetarikoa dela dio Loidik, eta aurten etxean, zaleen aurrean, jokatzeko zortea eduki dutela.