2022. urte amaieran hasi ziren emakumeen saskibaloi taldea sortzeko ahaleginean, eta denboraldi honetan lehiatu dira estreinakoz. Badute eztabaida talde barruan, batzuk lehiatzen hastearen aldekoak baitziren eta beste batzuek nahiago zuten urtebetez itxoitea, taldeak entrenamenduen bidez eskarmentu nahikoa eduki arte. Lehiatzen hastearen aldekoek irabazi zuten azkenean, motibaziorako lagungarri izango zela arrazoituta, eta ligako partida guztiak galdu dituzten arren, balorazio oso positiboa egin dute bizitakoaz.
"Emaitzak, irabaztea edo galtzea, ez dira gure lehentasunak izan. Galtzen joan arren, irabazten ari ginen sentsazioa izan dugu zenbait partidetan. Egia da Donostiako taldeen aurkako partidak edo Zarautz eta Eskoriatzaren aurkakoak alde handiagatik galdu ditugula, baina emaitzak ez du eraginik izan talde barruko giroan. Eibarren aurka jokatu genuen derbi parekatuak ere zapore aparta laga zigun", azaldu du Selma San Miguel taldekideak, denboraldiaren balorazioa eginez.
Aldiz, zailtasun handiena entrenamenduetarako eta partiduetarako jokalari nahikoa ez izatea izan dela nabarmendu du. "Hamar bat jokalarirekin hasi genuen denboraldia, baina kopuru txikia da entrenamenduetarako zein partiduetarako. Taldea laga zuten batzuek, eta min hartu beste batzuek, tartean nik, eta oso larri ibili gara taldea osatzeko". Hori dela-eta taldera batzeko deia egin diete saskibaloian jokatu nahi duten Elgoibarko zein inguruko herrietako emakumeei. Interesa dutenek emakumeen entrenamenduetara agertu besterik ez dute. Martitzenetan eta eguenetan entrenatzen dute, 18:45ean, Olaizaga kiroldegian. Bestela, Saskibaloi taldeak Instagramen duen kontuaren bidez jarri ditezke eurekin harremanetan.
Lotura duten albisteak:
- Saskibaloian hazia erein nahi dute emakumeek (2022-12-02)