Saskibaloian hazia erein nahi dute emakumeek

Barren.eus 2022ko abe. 2a, 10:52

Emakumeen Saskibaloi Taldea sortu nahi duten emakume talde batek laguntza eskatu dio BARRENi, emakumez osatutako herriko lehen saskibaloi taldea sortu ahal izateko prest dauden lagunak behar baitituzte.

Eguenetan entrenatzen dira Olaizaga kiroldegian, bazkalostean, eta han elkartu gara beraiekin. Adin eta jatorri askotariko 15 eta 34 urte bitarteko zazpi emakume ari dira oraingoz entrenamenduetan, eta horietako lau azaldu dira hitzordura: Paula Soler, Cristina Lozano, Selma San Miguel eta Nagore Soto. Solerrek eta Lozanok bakarrik dute eskarmentua saskibaloian. Alicantekoa da lehena eta lehen nazional mailan jokatutakoa da han; Lozano berriz, lan kontuengatik Elgoibarrera iritsi den asturiarra da, eta bere jaioterrian jokatzen zuen saskibaloian. "Maila apalean", zehaztu du. Gainerako bostek, gazteenek, ez dute esperientziarik kirol federatuan. "Eskola kirolean jokatu nuen saskibaloian, 10 bat urte nituenean", dio Selma San Miguelek, sortzez kantabriarra den elgoibartarrak. Gogoko dute saskibaloia, "kirol dinamikoa" eta "emozio handikoa" delako. "Izugarri zirraragarria da, azken segundora arte ez baita jakiten nork irabaziko duen, eta nik beti topatu dut giro ona ibili naizen saskibaloi taldeetan. Familia bat modukoa da", esan du Lozanok. Hemen bizi denetik Baskoniaren jarraitzaile sutsua egin dela dio, eta hori esan eta bat Gasteizera elkarrekin partida bat ikustera joateko plana egiten hasi dira. Solerrek Emakumeen Saskibaloi Liga jarraitzen du, eta Euskal Herrian puntako taldeak daudela nabarmendu du: Lointek Gernika, Araski eta IDK Euskotren.

2022 11 30 saskibaloiko emak baloiagaz elgoibar BARREN

Saskibaloia taldeko kirol zabalduenetarikoa den arren, Elgoibarren zaletasun izugarria duten lagun gutxi batzuen ahaleginari esker eutsi dio bizirik taldeak azken urteetan. Pare bat denboralditan ez zen egon talderik, 2017tik 2019ra bitartean, jokalari faltagatik. Azken sasoian, baina, indarberrituta dabil taldea eta kimu berriak ere irten zaizkio. Estreinakoz bi talde osatu ahal izan dituzte denboraldi honetarako, senior eta junior mailakoak. Gazteak saskibaloira erakarrita, klubaren egitura sendotu eta taldearen etorkizuna ziurtatu nahi dute
taldeko beteranoek, erretiroa hartu aurretik. Eta, horrekin batera, emakumezkoen saskibaloi taldea sortzeko ahaleginean dihardute.
Paularekin hasi zen dena. "Umetatik jokatu dut saskibaloian eta hona etorri nintzenean ere jokatzen jarraitu nahi nuen. Emakumeen talderik ez zegoenez, gizonekin entrenatzen hasi nintzen, ezaguna dudalako jokalari bat eta hark gonbidatu ninduelako. Halaxe hasi nintzen joan den neguan. Denbora honetan beti aipatzen genuen, erdi txantxetan, emakumeen talde bat sortu beharko genukeela niri lekua egiteko, gogotsu ikusten nindutelako", azaldu du. Txantxa artean aipatutako asmo haiek, baina, hezurmamitzen hasi ziren taldeko zenbait kide emakumeen taldea sortzeko lehen pausoak ematen hasi zirenean. "Eta orduan ailegatu ziren Selma eta bere lagunak taldera", dio. "Zurrumurrua iritsi zitzaigun, emakumezkoen saskibaloi taldea sortu nahi zutela, eta Carlosekin [Carlos Lahoz] harremanetan jarri ginen saskibaloian jokatu nahi dugun lau lagun", azaldu du Selmak. Abiapuntua izan zen.

 • Pausoz pauso
Lehen entrenamenduetan euren buruak "oso berde" ikusi zituztela onartu duten arren, lehen saiotik hurrengoetara aurrerapenak nabaritu dituzte. "Normala da, hutsetik abiatu baikara. Gogoa eta intentzioa jarri zituzten, eta garrantzitsuagoa dena, gure artean giro oso ona sortu zen hasieratik". Eskarmenturik handiena berak duenez, entrenatzaile lanak egingo ditu, baina lanagatik dezentetan huts egin beharko duela-eta Calos Lahoz izango du bidelagun taldearen gidaritzan. "Hark ere nahikoa lan dauka, juniorren entrenatzailea ere badelako eta senior mailako jokalaria. Guri laguntzeko prest agertu da eta asko eskertzen diogu, esperientzia eta jakituria handia baitauka kirol honetan. Lagungarri izango zaigu". Euren helburuaz galdetuta, bidea pausoz pauso egin nahi dutela diote. Lehen urtea elkar ezagutzeko eta oinarriak jartzeko erabili nahi dute, eta bigarrengoan, inguruko ligarik baxuenean lehiatu. "Motibazio bat izango litzateke hori. Horregatik, orain behar duguna da neska gehiago batzea taldera, talde sendo bat osatzeko. Gizonekin entrenatzerakoan eurengan ikusi dudan gogoa, seriotasuna eta lagun artea nahiko nituzke eduki emakumeen taldean ere. Badakit hasiberriak garela, dena dugula egiteko, inoiz ez baita emakumeen saskibaloi talderik egon Elgoibarren. Hortaz, bidea irekitzeak ilusio berezia egiten digu. Errazagoa zatekeen egitura sendo bat daukan talde batera batzea, Sanlo eskubaloi taldera esaterako, baina aldi berean jaio berria den gauza bat hazten ikustea ilusionagarria ere bada, eta prozesu honen parte izan nahi dugu guk, eta gurekin bidea egitera animatzen direnek. Ia animatzen diren Elgoibarko edo inguruko herrietako neskak. Primeran pasako dugu", esan du.

Izena eman dutenek honako telefono zenbakira deitu dezakete: 618 259 330 edo gizonen zein emakumeen entrenamenduetara agertu. Emakumeek eguenetan entrenatzen dute, 15:30ean.

2022 12 02 saskibaloia emak entrenamendua elgoibar BARREN 1

2022 11 29 saskibaloia emak elgoibar entrenua BARREN

2022 12 02 saskibaloia emak entrenamendua elgoibar BARREN

2022 11 30 saskibaloiko emak panoramiko barren