Estreinakoz lehiaketa bat antolatu dute Euskararen Baloia kanpaina barruan, eta Elgoibar Ikastolako Lehen Hezkuntzako Hirugarren Mailako ikasleek irabazi zuten lehen saria. S.D. Eibarren lehen taldea gertutik ezagutzea zen lehen saria. Taldearen autobus ofiziala etorri zen Elgoibarrera, ikasleak Arrasaten dagoen Atxabalpeko kirol instalazioetara eramateko, han egiten baititu entrenamenduak Eibarko taldeak. Talde armaginaren maskota den Pantxikak ikasleekin batera egin zuen Atxabalperako bidea autobusean. Jokalarien entrenamendua ikusi ostean, jokalariekin talde argazkia atera zuten gaztetxoek eta jokalariek sinatutako posterrak ere jaso zituzten opari.
Denboraldiko une erabakigarian murgilduta dauden arren, jokalariek eta Joseba Etxeberria entrenatzaileak tarte bat hartu zuten Elgoibartik joandako umeei harrera egiteko. Talde armagina sailkapeneko hirugarren postuan dago une honetan, eta ziurtatuta dute Ligako Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzea. Halere, zuzenean igotzeko aukera izango dute jokoan, liga bukatzeko gelditzen zaizkien bi jardunaldietan.
Eibar, Ermua eta Elgoibarko 10 ikastetxetako 400 haur baino gehiagok parte hartu dute Euskararen Baloiaren laugarren edizioan. SD Eibar Fundazioko eta SD Eibar Fundazioko arduradunek, Joseba Etxeberria eta Yerai Martin entrenatzaileek eta Emun, Akebai eta Eta kitto! taldeetako ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu lehiaketako proiektu irabazleak.