Aurtengoa Euskararen Baloia ekimenaren laugarren ekitaldia izan da, eta berritasun nagusi bat izan du, parte hartu duten ikastetxeen artean lehiaketa bat antolatu dutela. Ikastetxe bakoitzak Euskara eta kirola gaiari buruzko proiektu bat aurkeztu behar zuen aukeratzen zuten modalitate artistikoan (antzerkia, abestia, dantza, ipuin kontaketa, etab.), gehienez ere bost minutukoa.
Ikasleek urtarrilean aurkeztu zituzten proiektuak, eta Elgoibar Ikastolako LH 3. mailakoek bertso sorta bat aurkeztu zuten lehiaketara.
SD Eibar Fundazioko eta SD Eibar Fundazioko arduradunek, Joseba Etxeberria eta Yerai Martin entrenatzaileek eta Emun, Akebai eta Eta Kitto! izan dira epaimahaikideak, eta aurreko astean eman dute euren erabakiaren berri: Elgoibarko Ikastolak irabazi du lehen saria eta Aldatze ikastetxeak bigarrengoa. Honakoa da lehen saria: Elgoibarko ikasleek Eibarko jokalarien autobusean Atxabalpeko entrenamendura bisita egingo dute, eta joan-etorria Pantxika maskotarekin egingo dute gainera. Entrenamendua ikusi ostean, gizonezkoen taldeko jokalariekin argazkia aterako dute.
Euskararen Baloia ekimenaren jatorria
Ipuruako obretan topatutako baloi historiko baten bueltan sortu zuen Euskararen Baloia ekimena S.D. Eibar Fundazioak, Eibarko eta inguruko herrietako eskola-umeen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Baloi historiko hori Andres Gorosabel eibartarrak 1899. urtean jositakoa da, Ipuruako auzotarren eskariz. Ipuruako auzokidea eta baloigilea baitzen Gorosabel. Baloia josteko, baldintza bat jarri zien Gorosabelek auzokideei, Eibarko haurrek euskaraz jolasteko erabiltzea baloia.