Angel Quintana podiumera igo da Kataluniako La Romanica mendi lasterketan

Barren 2024ko mai. 22a, 16:53

Angel Quintana, La Romanica lasterketan. Arg: Carles Estrada.

CATT Morkaiko taldeko mendi lasterkariak han eta hemen lehiatu dira azken egunetan. Inguruko mendietan batzuek, Txindokiko kilometro bertikalean edo Mallabiko Zazpi Pago lasterketan; eta, Madril eta Kataluniako mendietan beste batzuek.

Angel Quintana elgoibartarrak La Romanica proban hartu zuen parte, eta bigarren postuan sailkatu zen 57 kilometroko distantziako lasterketan, 'La medium' izeneko proban. Antxitxika zein bizikletaz hartu daiteke parte La Romanican, distantzia desberdinetako bost probetan. Aurten, baina, ez dute antolatu saltakarientzako ibilbide luzeenekoa, 83 kilometrokoa. Quintanak azaldu duenez, lan kontuegatik ezagutu zuen Navas herria eta hango bizilagun batek eman zion lasterketa honen berri, kulturaz eta historiaz beteriko kirol ekitaldia zela esanez, eta parte hartzea erabaki zuen.
Katalunia erdialdean jokatzen duten mendi lasterketa da La Romanica. Bages eta Berguedà artean dagoen Navas herrian hasi eta bukatzen da; eta, ibilbideak badu berezitasun bat, inguru horretako ermita erromanikoetatik igarotzen dela, GR-176 ibilbidea jarraituz. Gerad Comellas izan zen irabazlea (05:55:47) eta hiru minutuko aldea atera zion bigarren egin zuen Angel Quintanari (05:58:47).

 

Imanol Iturrino, Iberika trail lasterketan

CATT Morkaikoko kide Imanol Iturrinok Madrilen jokatzen duten Iberika Trail mendi lasterketa zirkuitoko bosgarren proba puntuagarrian hartu zuen parte, domekan, Loyozuelan. Distantzia luzeenekoan lehiatu zen, 25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean. 78. postuan sailkatu zen.