AFM klusterrak joan den maiatzaren 17an egin zuen urteko batzar nagusia. 500 bazkidetik gora batu ziren Kursaalean, Donostian. Batzar horretan aitortza jaso zuen Iñaki Torrecillak (GEMINIS Lathes). Torrecilla IMHko patronatuko kidea izan da luzaroan eta IMHko sorreran ere parte hartu zuen. Hori dela-eta, IMH Campuseko eta Makina Erremintaren Museoko ordezkaritza bat ere egon zen batzarrean (goiko irudian). Urteetan erakutsitako "konpromisoagatik eta lankidetzagatik" eskerrak eman zizkioten Torrecillari.
Inoizko fakturazio handiena izan du sektoreak
AFM klusterreko arduradunek prentsaurreko agerraldia egin zuten batzarraren bezperan. Xabier Ortuetak eta Jose Perez Berdudek jakinarazitako datuen arabera, makina-erremintaren sektoreak %22,6ko hazkundea izan zuen 2023. urtean, eta inoizko handiena izan zen sektorearen fakturazioa: 2.157 milioi euro. Irabaziek gora egin arren, inflazioak irabazi tarteak murriztu zituela zehaztu zuten. Sektoreka, deformazioarenak izan du hazkunde handiena (%54,4), hein handi batean, automobilgintzaren sektoreko inbertsioak suspertzeari eta AEBtik eta Mexikotik datorren eskari handiari esker.
Sektore esportatzailea da makina-erremintarena, salmenten %76 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten baitituzte. Iazko datuei erreparatuta, %21,8 hazi ziren salmentak. Hala, bi urtez jarraian gora egin dute eta 1.611,9 milioi eurora iritsi dira. Klusterraren barruan dauden 800dik gora enpresek, bereziki bi sektorerentzat makinak egiten dituzte: autogintzarentzat eta aeronautikarentzat. Iaz, estreinakoz, Amerikako Estatu Batuetan saldu zuten makina gehien, Italia, Alemania, Txina eta Mexikora eginiko salmentei gain hartuz. Hala, joera aldaketa gauzatu da, urte luzez Alemania izan baita euren bezero nagusia. Alemaniak agertu zituen ahultasun sintomen erakusle dela uste dute. Hala ere, AFMko buruek espero dute Alemaniako merkatuak, eta Europakoak oro har, indarra hartuko dutela. Une honetan, baina, AEBak dira makina-erremintaren lehen kontsumitzaileak. Xabier Ortuetak azaldu zuenez, Joe Bidenen gobernuak urteetan beste herrialde batzuen esku utzitako jarduera industrial batzuk erakartzeko eta errotzeko bultzatutako egitasmoek ondorio positiboak izan dituzte sektoreko enpresetan, eta AEBetako berrindustrializazioaren olatu hori hartu nahi du makina-erremintak.
Eskaeretan beherakada, 2024rako aurreikuspenetan
Xabier Ortuetak 2024rako aurreikuspenen berri ere eman zuen. Makina-erremintak ekoizten dituzten Europako beste herrialdetan eskaeretan izan zituzten jaitsierak ikusita, espero zuten jaitsiera bat izatea, baina jaitsiera hori ia urtebete atzeratzea lortu dutela azaldu zuen. "Ziurgabetasun handiko une honetan, merkatu-egoera oso nahasian gaude. Bezeroak erakartzeko hiru urte on egin ondoren, ekitaldi honetako fakturazioak sendoa izaten jarraituko du. Zaila izango da 2023koa berdintzea, baina gertu egongo gara. Hala ere, lehen hilabete hauetan ikusten dugu egoera korapilatu egin dela, eta beherakada nabarmena ekarri du bezeroak erakartzeko".
Joind, sektoreko talentu plataforma berria
AFM klusterrak JOIND izeneko plataforma sortu du langile kualifikatuak aurkitzeko sektorean dituzten zailtasunak arintzeko helburuarekin. Enpresen lan-eskaintza karrera profesionala industrian egin nahi duten hautagaiekin eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako prestakuntza-zentroekin lotzen duen plataforma dela azaldu dute. Elkartearen esanetan, hiru ardatz dituen apustua da, eta enpresek beren jarduera garatzeko behar duten talentua aurkitzen laguntzeko sortu dute. "Honakoak eskainiko ditu: karrera profesional interesgarriak, abangoardiako teknologia, nazioarteko proiekzioa eta ordainsari oso lehiakorra".
Makina erremintaren biurteko azoka, ekainaren 3tik 7ra
Ekainaren 3tik 7ra egingo dute bi urtean behin Barakaldoko BEC erakustazokan egiten duten makina erremintaren azoka. 32. edizioa izango den honetan, 29 herrialdetako 1.400 enpresa erakusketari baino gehiago eta 3.000 produktu eta zerbitzu inguru bilduko ditu BIEMHek, fabrikazio aurreratua osatzen duten azpisektore guztiak biltzen dituen azoka bakarrak. 40.000 bisitari baino gehiago espero dituzte. Herrialde gonbidatu bat ere izango du azokak, Mexiko, hain zuzen ere. Herrialdearen jarduera industrial indartsuagatik eta dinamismoagatik aukeratu dute Mexiko.