Hitzarmenaren bidez, Danobatgroup ingeniaritza fakultateko bazkide laguntzaile bihurtu dela nabarmendu dute bi aldeek, historikoki izan duten "harreman sendoa" are gehiago indartuta. Iker Usabiagak, Danobatgroupeko Gestio Sozialeko zuzendariak, eta Carlos Garciak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusiak, akordioaren nondik norakoak jakinarazi dituzte fakultateak Arrasaten (Gipuzkoa) duen campusean. “Akordio hau Mondragon Unibertsitatearekin zein Goi Eskola Politeknikoarekin duela urte askotatik dugun harreman bikainaren esparruan egiten dugun beste urrats bat baino ez da”, nabarmendu du Iker Usabiagak, hitzarmena sinatzeko unean.
2010. urtetik, Danobatgroupen eta unibertsitatearen arteko lotura horri esker, Mondragon Unibertsitateko 400 ikasle inguruk makina-erremintaren eta, oro har, industriaren mundua ezagutzeko aukera izan dute, hainbat mekanismo dualen bidez, bai eta gradu zein master amaierako lanen bidez ere, industria taldeko kooperatiba guztietan, hala nola Soralucen, Danobaten, Goimeken edo Idekon.
Adierazi dutenez, bi aldeek sinatutako hitzarmen berriak elkarrekiko konpromisoa berretsi besterik ez du egiten, "ikasleentzat hain onuragarria den lankidetza hori denboran mantentzen jarraitzeko". Horrela, taldeak inguruko eskola eta unibertsitateen aldeko apustua egiten jarraitu nahi du, gaur egun aurrez aurre dituen eta etorkizunean ere aurrez aurre izango dituen erronkak lortzeko funtsezko kide gisa.
“Akordio horrek ikusarazi baino ez du egiten Mondragon Unibertsitateak Danobatgroupekin dagoeneko duen lankidetza bikaina, eta hura indartzeko eta etorkizunera proiektatzeko zimenduak jartzen ditu. Mugimendu horrekin, Danobatgroup aurrerantzean Mondragon Goi Eskola Politeknikoko gobernu organoetako kide izango da, eta horrek aukera emango dio zuzenean parte hartzeko gure estrategiaren definizioan eta lehentasunen ezarpenean, ezagutza teknologikoa eta talentu trebatua lehiakortasunerako palanka giltzarriak inoiz baino gehiago diren une honetan”, Carlos Garciaren hitzetan.