Zehazki, Gipuzkoako gazteen aurresku txapelketako D mailako finala jokatu zuten Legazpin. 2009 eta 2010 urteetan jaiotako hamalau dantzari aritu ziren txapelaren bila, urtarrilaren 13an Legazpin bertan abiatu zen sei saioko ligaxkan puntuaziorik onenak lortutakoak, hain justu ere. Horien artean zen Uxue Cabrera, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ordezkari bakarra. Finalera sailkatutako dantzariek Betronio handia, Aurkez aurke eta Xamurra kontrapasa dantzatu zituzten epaimahikideen eta ikusleen aurrean. Epaimahaia Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak izendatu du, eta Jose Luis Vallejok, Maria Ferreirok eta Nahikari Vizuetek osatu dute. Horien arabera, Jurgi Errandonea andoaindarra izan zen irabazlea, eta txapeldunari dagokion saria jaso zuen: buruzagi makila eta garaikurra. Ihintza Erauskin lezoarra sailkatu zen bigaren postuan eta Onditz Esnaola lizartzarra hirugarrengoan. Uxue Cabrerak txapelketa osoan egindako lana goraipatu du bere irakasle Jon Lizarraldek. "Lan bikaina egin du Uxuek, aurrera pauso handia eman du dantza ikasturte honetan, eta egindako lanaren saria izan da finalean ere dantzatu izana. Merezitakoa", esan du.
Unax Ansola, B saileko finalean
Aurresku txapelketan parte hartzen ari diren dantzari gazteenek hurrengo zapatuan, maiatzaren 25ean, jokatuko dute finala, Errenteriako Niessen aretoan. A (7-10 urte) eta B sailetako (11-13 urte) dantzariak lehiatuko dira Errenteriako finalean eta B sailekoen artean egingo du dantza Unax Ansola elgoibartarrak. Hamabi dantzari dira finalera sailkatutakoak, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoak guztiak. B sailekoek Hondarribi handia eta Legazpi zortzikoa dantzatu beharko dute.
Aurresku txapelketetan aritzen diren dantzariek, urtero moduan, dantzari bakarlarien emanaldia egin zuten, maiatzaren 10ean, Kalegoen plazan.