Artekalen igogailu publikoa jartzeko obra lizitaziora atera du Elgoibarko Udalak

Barren 2024ko ots. 14a, 15:36

Artekaleko eskailera mekanikoak kendu eta igogailua jartzeko obra abiarazi du Elgoibarko Udalak. 

 Elgoibarko Arkhiru estudioak diseinatu eta idatzi du proiektua, eta orain obra esleitzeko lehiaketa publikoa jarri dute martxan. Udaletik azaldu dutenez, igogailurako proposatutako diseinua integrazioan eta funtzionaltasunean oinarritzen da, eta asmoa da espazio hori argi-arrakala bihurtzea, hormigoia eta beirazko pieza handiak erabiliz igogailua eraikitzeko. Gainera, elementu berdeekin osatuko dute igogailuaren aurrealdean sortuko duten Artekale plaza. Igogailuak izango duen itxura ikus daiteke Udalak zabaldu duen goiko irudi muntaian.
 Proiektuak 247.901,63 euroko aurrekontua du (BEZik gabe) eta sei hilabeteko exekuzio-epea aurreikusi dute. Proiektu honetan parte hartu nahi duten enpresek otsailaren 28ra arte izango dute beren proposamenak aurkezteko epea, kontratatzailearen profilaren bidez, www.elgoibar.eus web orrian.