Baloi historiko hori Andres Gorosabel eibartarrak 1899. urtean jositakoa da, Ipuruako auzotarren eskariz. Ipuruako auzokidea eta baloigilea baitzen Gorosabel. Baloia josteko, baldintza bat jarri zien Gorosabelek auzokideei, Eibarko haurrek euskaraz jolasteko erabiltzea baloia. Eta hain justu ere, historia horixe da klubeko hainbat kidek, tartean gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileek, eskola-umeei kontatzen dietena. 2019an sortu zuten ekimena, eta lau urte hauetan Eibarko eta Ermuko hamar ikastetxetako mila ikasle inguruk hartu dute parte programan. Ekimena, baina Elgoibar eta Mallabiko ikastetxeei ere badago zabalik, eta Elgoibar Ikastolakoak eguaztenean izan ziren Eibarren.
Joseba Etxeberria gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile elgoibartarrak eta Yerai Martin emakumezkoen taldeko entrenatzaileak kontatu zieten istorioa Elgoibartik joandako eskola-umeei. (ikus Elgoibarko eskola umeen bisita S.D. Eibarrek bere sareetara igo duen bideoan)
• Lehiaketa
Aurtengoa Euskararen Baloia ekimenaren laugarren ekitaldia izan da, eta berritasunekin hasi dute. Izan ere, parte hartzen ari diren ikastetxeen artean lehiaketa antolatu dute aurten. Ikastetxe bakoitzak Euskara eta kirola gaiari buruzko proiektu bat aurkeztu beharko du aukeratzen duten modalitate artistikoan (antzerkia, abestia, dantza, ipuin kontaketa, etab.), gehienez ere bost minutukoa. Epaimahai batek aukeratuko du gero irabazlea, aurkeztutako lanek, originaltasuna, mezu egokia eta Eibar futbol taldearen balioak betetzen dituen kontuan hartuta. Sariak ere zehaztu dituzte, jakina. Lehenengo saria eskuratzen dutenek Atxabalpera bisita egiteko aukera izango dute. Eibar futbol taldearen autobus ofizialean egingo dute, gainera, Atxabalperako joan-etorria, Pantxikarekin, eta han gizonezkoen lehen taldearen entrenamendua ikusteko aukera izango dute, bai eta taldeko jokalariekin partida bat jokatzeko ere. Eta bigarren saria armaginen lehen taldeko jokalari guztiek sinatutako baloia izango da.
Horrez gainera, baina, parte hartzen duten ikastetxe guztiek bisita egingo dute Ipuruara, eta bisita bakoitzeko, Eibar futbol taldearen kamiseta bat zozkatuko dute antolatzaileek, bai eta gizonezkoen nahiz emakumezkoen lehen taldeen partidetara joateko gonbidapenak ere.
*Argazkiak: S.D. Eibar.