Danobatek azaldu du trenbide sektoreko "erreferentziazko" eragile bihurtu nahi duela erosketa horren bitartez. Ez dute operazioaren kostuen berri eman.
Delta Wheel Truing Solutions enpresa erosita AEBetan dituzten bezeroen behar espezifikoetara egokitzea bilatzen dutela adierazi du Danobateko Trenbidearen Negozio Unitateko zuzendari Oskar Uriak, ohar batean. "Gainera, tokiko lantegiak zerbitzu zuzenak eskainiko ditu, gure bezeroei arreta hurbila eta arina emango zaiela ziurtatuz. Deltako expertise eta know how-a laguntza estrategikoa izango da AEBetakoa moduko merkatu zorrotz batean hazteko", azaldu du.
Delta enpresak trenbideko gurpilak birprofilatzeko ekipoak diseinatzen eta fabrikatzen duen esperientzia handia balioan jarri du Uriak. "Gainera, hainbat patente ditu sistema desberdinetan, eta soluzio bakarrak eskaintzen dizkio merkatuari. AEBn fabrikatzeko gaitasuna, bere produktuak eta bezero-kartera funtsezko elementuak dira etorkizunean Danobatekin batera garatzeko".
Delta enpresako Jean R. Rossek ere onurak ikusten dizkio euren enpresa Danobatek erosi izanari. Honela adierazi du: “Danobat bezalako nazioarteko erreferente batekin lankidetzan aritzea jauzi kualitatibo garrantzitsua da guretzat; izan ere, gure produktu-aukera zabaldu ahal izango dugu, eta ditugun soluzioak Danobateko lokomotora eta merkantzia-trenentzako hobi-tornuekin osatu, Estatu Batuetako tren-sektorearen beharretara egokituta”.
AEBtako merkatua ezaguna da Danobatentzat, gogora ekarri duten moduan, 1982tik baitaude han ezarriak. Chicago hirian egoitza bat dute, artezteko eta gogorrean torneatzeko soluzioak garatzera bideratua. Izan ere, mundu zabalean ditu Danobatek ekoizpen eta zerbitzu lantegiak: AEBetan, Alemanian, Brasilen, Erresuma Batuan, Herbehereetan, Italian, Mexikon eta Txinan.