1984. urtetik, urtero-urtero mendi irteerak egin dituzte Elgoibarko zein inguruko herrietako hainbat emakumek. Guztira 41 emakume igaro dira taldetik eta 22 egon dira Morkaiko Mendizale Elkarteak eta Elgoibarko Udalak antolatutako omenaldian. Banan banan igo dira oholtzara eta mendirako egurrezko makila bat oparitu diete. Azkar bilatu diete erabilera, oholtzaren kontra kolpatu baitituzte makilak okasiorako prestatu duten koreografia laburra dantzatu dutenean.
Lourdes Zubiaurre 'Txitxi' lagunaren omenez hartu zuen Txitxibilaldiak izena mendizale talde honek, hura hil eta gero, 2006ko urriaren 26an. Taldekoen izenean hitza hartu duen Izaskun Estibaritzek gaur ere gogora ekarri du laguna, eta haren alaba Argiñe igo da oholtzara gainerako emakumeekin.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak esan die emakume "iraultzaileak" izan direla atzetik etorri diren emakumei bidea zabaltzeagatik eta merezi dutela aitortza.
Ekitaldiari amaiera emateko, Txitxibilaldiak taldekoen omenez dantza egin dute Jon Lizarralde eta Arantza Aginako erraldoiek, dultzaineroen musikaz.