Aurretik, baina, podiuma ere zapaldu dute, eta Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapako irabazleekin argazkia egiteko aukera izan dute. Txalo zaparrada handiarekin hartu dituzte ikusleek Elgoibarko harrobiko txirrindulariak.
Podiumetik jaitsi eta herri sarrerako aparkalekura joan dira taldean, hantxe baitzegoen aparkatuta Laboral kutxako nesken autobusa eta ekipoko kamioia. Laboral Kutxako txirrindularietako batzuk ere han ziren oraindik, eta haiekin argazkiak egin eta haien sinadurak batzeko aukera ere izan dute txirrindulari gazteek. Ikusi ditugu Ane Santestebanekin, Usoa Ostolazarekin eta Deborah Silvestrirekin argazkiak egiten, eta ondoren, autobusaren ondoan talde-argazkia egin ostean, bosteko taldetan barrura sartzeko aukera ere eman diete, Laboral Kutxako mekanikari batek lagunduta.