2009an inauguratu zuten Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorri zatia, gero, 2020ko abenduan Eibar arte luzatu zutena.Agintariek Maltzaga eta Eibar arteko zatia ireki zutenean agindu zuten Andikano eta Maltzaga arteko bide zatia argiztatuko zutela, Maltzagatik Eibar arteko zatia argiztatuta baidago. Joan den irailean hasi zituzten bidegorria argiztatzeko lanak, eta lau hilabetean bukatzea aurreikusten zuten arren, asteon eman dituzte amaitutzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu ditu argiteria-sarea instalatzeko lanak, eta 600.000 euro inguruko kostua eduki dute.
Elgoibarko Udaletik esan dute behin baino gehiagotan eskatu diotela Aldundiari argiztapena ipintzeko, herritarren segurtasunari eragiten dion gaia dela-eta. Behin lanak amaituta, jarduera oso positibotzat jo du Udalak. Bidegorria argiztatzea "ezinbesteko" lana zela azpimarratu dute, bidegorria gehiago erabili ahal izateko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, "bereziki genero-ikuspegitik begiratuta, bidegorria erabiltzen duten emakumeen segurtasuna bermatzea izan baita obra honen helburua".