Garapen Iraunkorreko diputatuak, Carlos Ormazabalek, eta Elgoibarko alkateak, Alfredo Etxeberriak, eguaztenean inauguratu zuten ofizialki Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorri berria. Inaugurazio ekitaldia egin eta gero, diputatuak eta alkateak bizikleta hartu eta tarte bat egin zuten argazkilariek argazkiak atera ahal izateko (eskuineko argazkian).
Bidegorria Elgoibarko San Roke bailara eta Xixilion kalea lotzen dituen Deba ibai gaineko zubian hasten da, Andikaino baserrirako sarbidean. Hortik aurrera, Deba ibaiaren paraleloan doan bideari jarraitzen dio gutxi gorabehera. Laupago eta Erdiko zentral hidroelektrikoen eta AP-8 autobidearen azpian dagoenaren ondotik iragan ondoren, Maltzagako biribilgunearen aurrealdera iristen da. “Eibarrera hurbiltzen gaitu bidegorriak, bertara heltzerik ez badaukagu ere, oraingoz” alkatearen berbetan.
•Oinezkoek lehentasuna
Zorua asfalto aglomeratu beltzekoa da eta lehen zatian, hau da, Elgoibarko hiri gunetik Andikano baserrirainokoan, argiak jarri dira. Beste zatian kanalizazio elektrikoa prestatuta laga da, etorkizun batean ibilbide osoa argiztatzea erabakiko delakoan.
Carlos Ormazabal diputatuak adierazi duenaren arabera, “krisi gordinean egindako obra hau, mugikortasun iraunkorraren alde Gipuzkoako Foru Aldundiak egina duen apustu irmoaren adierazpen erreala eta zehatza da”. Elgoibarren inauguratu den bidegorri tarteari esker, Eskoriatza Hegoaldekoarekin, eta laster zabalduko den Segura-Kortaberriakoarekin foru bidegorrien sareak 77 km ditu. Eta 2010eko maiatzean, gaur egun eraikitzen ari diren zatiak amaitutakoan bidegorri sareak 86 km osatuko ditu.
•Eibar eta Soraluzera luzatzeko aukera
Diputatuak jakinarazi duenez, “laster hautabideen azterketa egiten hasiko gara, inauguratu den tartea Eibar eta Soraluze aldera luzatu ahal izateko”. Gogoratu duenez, bitarteko motordunik gabeko mugikortasunaren eta iraunkortasunaren ezinbesteko baldintza da, bidegorrien azpiegitura egoki bat izateaz gain, herritarrek beren burua behartzea bizikleta erabiltzera, eta ez aisialdian bakarrik, “baizik eta baita garraio gisa ere, mugikortasun iraunkorraren hautabide egokiena denez bost bat kilometroko distantzietan”.
•Ermuaran-Sallobenterako bidegorria
Datorren urtean Ermuaran-Sallobenterako bidegorriaren proiektua idazten hasiko direla aurreratu du Alfredo Etxeberriak, eta ondoren, “diruaren arabera” hasiko dira obrekin. Jarduera oso garrantzitsua izando dela nabarmendu du Etxeberriak: “baserrietara edateko ura eramateko eta ur zikinen sarea berritzeko aprobetxatuko baita".
Azkenik, datorren ekitaldian, baita ere, Altzola eta Mendarora arteko bidegorri bat egiteko estreinako urratsak emateko asmoa ere eman zuen aditzera alkateak.