Udaletik jakinarazi dutenez, zirkoa muntatzeko baimena izan aurretik iragarri dituzte emanaldiak, herriko txoko ia guztietan jarri dituzten kartelen bidez. Apirilaren 26, 27 eta 28rako zituzten iragarrita emanaldiak kartelotan eta Lerun industrialdean, Mercadona merkatal zentroaren atzean izango zirela ageri zen ("Elkarrekin Mercadona" jartzen zuen karteletan, Mercadona ondoan zela adierazteko). Udaletik zehaztu dutenez, ez zuten hor zirkurik muntatzeko baimenik eta halaxe jakinarazi diete zirkuko arduradunei eurei. "Leku horrek ez ditu zirku bat ipintzeko baldintzak betetzen, guztiz urbanizatu gabe dagoelako, besteak beste. Gainera Udalarena da zati bat, baina beste lurzati bat pribatua da".
Beste batzuetan Mintxetako aparkalekuan jarri izan dituzte karpak Elgoibarrera etorri izan diren zirkuek, baina asteburuetan Mintxetako aparkalekua jende askok erabiltzen duela-eta, oraingoan ez zela aukerarik onena erabaki du Udalak. Zirkuko arduradunak eguerdian aritu dira kartelak kentzen.
"Johnny Circus" zirkokoek Soraluzen eman zituzten emanaldiak, martitzenean eta eguaztenean; baina, han ere antzerako arazoak eduki dituzte Frantziatik etorritako zirkulariok. Zirkoa ipintzeko baimen eskaria azken orduan jaso zuela adierazi zuen Soraluzeko Udalak, eta hasierako karteletan konpainiak zirkoaren kokaleku gisa beste leku bat adierazi bazuen ere, Ezoziko futbol zelaiko aparkalekuan ipintzeko baimena eman zien Udalak.
Johnny eta Sara senar-emazteak eta euren seme-alabak, Christina, Kelian eta Tyler dira zirku honetako artistak. Jatorriz Bordelekoak dira (Okzitania) eta zirkuan lan egin zuten aitona-amonen ondorengoak. Duela 18 urte sortu zuten euren zirkua eta ordutik herri batetik bestera dabiltza.
Edonola ere, zirkoa gogoko dutenek Ekain pailazoak gaur arratsaldean, 17:30ean, Elgoibarren emango duen Slapstik ikuskizunarekin ase dezakete griña hori. Informazioa: hemen.