Urruzuno ingurunea urbanizatu du Grupo Eibar sustatzaileak, Elgoibarko Udalak eskatuta, eta lanak amaitu ostean, joan den zaoatuan zabaldu zuten gunea herritarrentzako. Ortu publikoen esleipena eskuratu duten 28 erabiltzaileei ere banatu zieten giltza zapatuan. Erabiltzaileek araudiari buruzko formazio saioa egin zuten giltza jaso aurretik. Erabiltzaile bakoitzak armairu bat edukiko du denek erabiliko duten etxola baten barruan. Udalak emandako tresnak erabili ahal izango dituzte, eta biltegi handietan biltegiratutako euri-ura erabiltzen duten ureztatze-sistemak ere bai.
Hondakin organikoetarako konpostagailu komunitario bat ere ipini dute. Debekatuta egongo da ibilgailu pribatuak barrutira sartzea, eta hilabete beroenetan ordutegi zabalagoa izango dute baratzeek. Arauek zehazten dute, halaber, erabiltzaileek osatutako zuzendaritza-batzorde bat eratuko beharko dutela ere, eta hainbat ardura izango dituzte: Udalarekin hartu-emanak, barne-rolak kudeatzea, diruzaintza eta komunikazioa.
Lurra prestatzen topatu genituen zenbait erabiltzaile astelehenean, lurra goldatzen eta norberaren lurzatian topatzen zituzten harriak kentzen. Kexu zen erabiltzaile bat, "beti kexatzen gabiltzala esango dute, baina banatu aurretik makinaren batekin edo lursail guztietako harriak ken zitzaketela iruditzen zait, dena garbi laga", zioen, bere zatitik atera zuen harri multzoa hatzaz erakutsiz. Gutxi batzuk haziak ereiten ere bazebiltzan. Hurrengo asteetan ikusiko da orain egiten duten lanaren fruitua.
Baratzeen inguruan aisialdirako parkea egin dute. Iturria, ur putzua, kalistenia-parke bat, umeentzako jolasak eta mahaiak egokitu dituzte, besteak beste.
Urruzunoko aisialdi gunea eta udal baratzeak, argazkitan: