Deba bailaran boxeoarekiko zaletasuna berpizten zabiltzate azken urteotan Sorabox taldetik. Soraluzen, Bergaran edo Arrasaten antolatu dituzue boxeo jaialdiak azken boladan, eta Elgoibarrera ere ekarriko duzue boxeoa maiatzaren 4an.
Bai, halaxe da. Boxeorako afi zioa zabaldu nahi dugu bailaran, eta azkenaldian emakumezkoen boxeoan ari gara, eragin nahian. Hamar borrokaldiko boxeo jaialdia antolatzea lortu dugu eta emakumezkoenak izango dira horietako lau. Estimu handia diot Elgoibarri, nire kirol ibilbideko lehen urratsak hemen eman nituelako, 18 urte nituela. Boxeoan egin nuen azken-aurreko borrokaldia ere Elgoibarren jokatu nuen 2019an, Oksana Romanova ukrainarraren aurka, eta urtebetez egon nintzen gero boxeoa irakasten hemen.
Zer harrera eduki dute orain arte antolatu dituzuen boxeo jaialdiek?
Gero eta hobeto ari gara. Arrasaten esaterako boom modukoa ari da bizitzen boxeoa. 90eko hamarkadara arte bazegoen afi zioa han, baina Galan anaiak haserretu ziren eta akabo boxeoa! Berpiztu moduan egin da orain eta Arrasatebox taldea ere sortu dugu han. Boxeo gosea dagoela sumatzen dut.
Zer nolako borrokaldiak ikusiko ditugu Elgoibarren?
Lehen pausoak ematen ari diren boxeolari gazteen arteko borrokaldi politak ikusteko aukera izango da, baina baita eskarmentu handiagoko boxeolarien artekoak ere. Soraboxeko boxeolariak izango dira erdiak eta aurkariak Nafarroatik etorriko dira. Euskadiko txapelketa irabazi berri duten bi neska igoko dira ringera, Oihane Gravalos eta Raquel Casas, eta baita Euskadiko txapeldunorde gelditu den Mochine El Kabouri Mou soraluzearra ere. Esan beharra daukat Udaleko Berdintasun Sailaren eta Udal Kirol Patronatuaren laguntzarik gabe Soraboxek bakarrik ezingo lukeela horrelako boxeo jaialdi bat antolatu. Dirutza da, denek kobratzen baitute: boxeolariek, entrenatzaileek, epaileek, medikuek, hizlariak, asegurukoek... eta ringa bera jartzea da garestiena, Logroñotik ekartzen baitut.
Emakumeak boxeora gerturatzeko ahaleginean ari zarela diozu.
Bai, baina sekulako ahalegina eskatzen du. Oso zaila da emakumezkoen borrokaldiak antolatzea eta horietan parte hartzeko prest dauden emakumeak topatzea, baina tematuta nago ni eta saiatzen jarraituko dut. Sorabox taldean 100 bat lagun dabiltza eta emakumeak %30a dira. Borroketatik kanpo, jende asko gozatzera etortzen da taldera; kirol jarduera berri bat probatzeko hasten dira gehienak. Eskolak hartzera datorrena kirola egitera dator, ondo pasatzera, ikastera eta egunerokoa tarte batez ahaztera. Eta hori dena minik hartu gabe. Hamar urte dira klaseak ematen ditudala eta inoiz ez da ezer larririk gertatu. Emakumeentzat, norbere buruan ziurtasun gehiago edukitzeko kirol egokia dela ere iruditzen zait. Beste aldetik, ring batera igo nahi dutenak daude. Horiek lehentasun handia eman behar diote boxeoari, ondo prestatu behar dute gauzak behar den moduan egiteko, eta horrek denbora eta dedikazio handia eskatzen du.
Boxeoan entrenatzeak onura asko dituela esan ei da.
Bai, kirol oso konpletoa da boxeoa, arlo desberdinak lantzen dituelako: indarra, bizkortasuna, koordinazioa, erresistentzia, ...eta baita memoria ere, kolpe serieak memorizatu behar direlako.
Boxeo erakustaldia egingo duzue gaur Maalan.
Bai, datorren asteko boxeo jaialdirako giroa berotze aldera jendaurreko entrenamendu saioa egingo dugu Maalako parkean, 19:00etatik aurrera. Boxeolarien pisaketa ere jendaurrean egingo dugu, maiatzaren 4an, 17:00etan. Malape taberna barruan egingo dugu eguraldi txarra baldin badago, barruko arropan pisatzen baitira boxeolariak, edo Maalako parkean bestela. Ordu erdi inguruko saioa izango da eta ikusgarria izango da.
Pandemian erabaki zenuen boxeoa uztea... Igarri duzu hutsunea?
Elgoibarko borrokaldiaren ostean Bilbon lehiatu nintzen azkenengoz, 2019ko abenduan. Besoa apurtu nuen, ebakuntza egin zidaten, pandemia etorri zen, ...eta kitto! derrigor laga behar izan nuen boxeoa. Beti diot pandemiagatik boxeolari on asko galdu ditugula, belaunaldi oso bat esango nuke. Nik neuk eman beharrekoak emanda laga nuen boxeoa, 39 urterekin. Pozik nago lortu nuenarekin, aseta. 2015ean izan nintzen Espainiako txapeldun eta urtebete lehenago zilarra jantzi nuen. Eta Euskadiko Txapelketa lautan irabazi nuen. Gipuzkoako estreinako boxeolari profesionala izan naiz, eta Euskadikoa ere bai, hemen jaiotakoak kontuan hartuta. Bidea zabaltzeaz gainera, profesionaletan ez nuen borrokaldirik galdu. Tituluak eta garaipenak alde batera lagata, ondo irten nintzen boxeotik, burua ondo, hainbeste kolpe jasotzea ez baita ona. Eta, garrantzitsuena dena: boxeoaz bizitzea lortu dut. Orain, pasioz bizi dudan kirol hau bultzatzea eta zabaltzea da nire asmoa, besteei ezagutzera ematea, hemen inguruan galduta zegoelako kirol hau. Neuk ekarri nuen, hutsetik hasita.