Ixa Rodriguezek irabazi du Oksana Romanovaren aurkako boxeo borrokaldia

Barren.eus 2019ko mai. 11a, 22:35

Puntuetan irabazi du Ixa Rodrigez soraluzearrak Oksana Romanova ukrainarraren aurkako borrokaldia, gaur gauean Olaizaga kiroldegian egin duten boxeo jaialdian.

Bi minutuko sei round jokatu dituzte Rodriguezek eta Romanovak eta epaileek euskaldunaren alde egin dute, 58-56 puntuazioarekin. Hortaz, alde laburragatik izendatu dute irabazle. Epaile lanak egin dituen Manu Maritxalarrek Soraluzeko boxeolariaren eskua altxatu duenean harridura aurpegia jarri du boxeolari ukrainarrak, epaileen erabakiarekin ados ez zegoela bistaratuz. Romanovak lurrera ere bota du behin Rodriguez. Sorabox taldeko boxeolariak zaleen babesa izan du borrokaldian eta giro polita sortu da Bilbotik ekarri duten ringaren bueltan. Ixarentzat profesionaletan lortzen duen laugarren garaipena izan da Elgoibarkoa. Ekainaren 21ean egingo du hurrengo borroka, Arrigorriagan.

Boxeo jaialdiko azken borrokaldia izan da emakumezkoek jokatu dutena, profesionalen arteko bakarra. Aurrez, amateur mailako bost borrokaldi jokatu dituzte.

 

∞Lotura duten albisteak: