Euskarazko film laburrak eguaztenean, Laburbira zikloan

Barren 2024ko api. 23a, 12:14

Jone Arriolaren 'Dena asmatuta dago' izango da Herriko Antzokian emango dituzten zortzi film laburretako bat. Arg: M. Askasibar.

Euskarazko film laburren uzta berriena ekarriko du Elgoibarrera Laburbira zirkuitoak eguaztenean, apirilak 24. Jone Arriola elgoibartarraren 'Dena asmatuta dago' laburmetraia izango da emango dutenetariko bat.

Azken aldian euskaraz ekoitzitako film laburren bira Euskal Herrian barrena dabil. Laburbiraren 21. edizioan 36 herritan emango dituzte emanaldiak. Bira horretan, geldialdia egingo du Elgoibarren, Elgoibarko Udaleko Euskara Sasilaren eta Ongarriren eskutik. "Gaur egungo zinemagintzaren erakusgarri aparta da film laburren sorta, gure sortzaileen lanaz gozatzeko aukera emango die herritarrei", nabarmendu dute ekimenaren sustatzailea den Euskaltzaleen Topagunea elkarteko arduradunek. Jone Arriola Lobete zinemagile elgoibartarraren "Dena asmatuta dago" film laburra izango da emango dutenetariko bat. Arriolak joan den abenduaren 14an aurkeztu zuen bere lan hau Elgoibarko Herriko Antzokian.

  • Herriko Antzokian izango da, 21:00etatik aurrera, doan.  

Zortzi ikus-entzunezko lan ezagutzeko aukera izango da: Amaia Lejarretaren 'Erro', Jone Arriola elgoibartarraren 'Dena asmatuta dago', Guillermo Ordásen 'Katalinaren zoria', Ander Iruretagoyenaren 'Babesa', Mikel Alvarezen 'Mundu berri bat', Ane Cuestaren 'Zirrara', Ilune Diaz eta Jordi Nueten 'Talkak' eta Kim Maiteny Munoaren 'Betizu buru'. (bakoitzari buruzko informazioa beherago)

Elgoibarren ikusi ahalko dugunaren aurrerapentxo bat bildu du Euskaltzaleen Topaguneak honako bideoan:

 

21. Laburbira


"Babesa"
Zuzendaria: Ander Iruretagoyena.
Sinopsia: "Aratz, film honetako pertsonaia nagusia prostitutua da. Migel ezagutzean are gehiago nahaspilatuko da bere bizimodua".


"Dena asmatuta dago"
Zuzendaria: Jone Arriola.
Sinopsia: "Duela sei hilabete ezagutu zuten elkar Lur eta Martinek baina beraien harremanak oraindik ez du izenik. Dena asmatuta badago, beraien artekoa zer da?".


"Katalinaren zoria"
Zuzendaria: Guillermo Ordás.
Sinopsia: "Gerra latz baten erdian biziraun nahian, bere kemen eta indar guztia baliatu beharko du Katalinak onik ateratzeko…".


"Erro"
Zuzendaria: Amaia Lejarreta.
Sinopsia: "Bodypaint eta dantza bertikala uztartuz, bizitzaren zikloa irudikatzen du Amaia Lejarretak irudi zorgarriekin ondutako lan ikusgarri honetan".


"Mundu berri bat"
Zuzendaria: Mikel Alvarez.
Sinopsia: "Apokalipsi zonbiak hartu du mundua. Filmeko protagonista, kutsatuta, bere buruaz beste egiteko zorian dago. Zorionez, sendagaia aurkitu dute. Mundu berri bat du orain aurretik, edo ez?…".


"Zirrara"
Zuzendaria: Ane Cuesta.
Sinopsia: "Neskato gazte bat bere gorputza deskubritzen hasi da bat batean. Uste baino buruhauste handiagoak ekarriko dizkio deskubrimentu horrek…".



"Talkak"
Zuzendaria: Ilune Diaz eta Jordi Nuet.
Sinopsia: "Krisian dagoen bikote batek, bere arazoak amen batean konponduko dituen ezusteko talka-terapia perfektua aurkituko du jolas-azoka batean..".


"Betizu buru"
Zuzendaria: Kim Maiteny.
Sinopsia: "MIREN eta MANUk baserri bat hartu dute asteburua pasa eta elkarren arteko harremana hobetzeko. Bortizkeriak bortizkeria dakar eta bailarako kondairak dio zintzarri bat dela zapaltzaileek entzuten duten azken hotsa…".