Azken txanpan da gipuzkoar erako aurresku txapelketa. Ligaxkako azken saioa jokatu zuten, zapatuan, Lezon eta bi ordezkari izan zituen Inazio Bereziartua Dantza eta Musika eskolak: Haizea Luluaga eta Unax Ansola. Ansolak bigarren postua eskuratu zuen B sailekoen artean (11-14 urte). Elgoibarko aurresku txapelketa irabazi ostean, txapeldunorde izan da hurrengo bi jardunaldietan, Hernanin lehenengo eta Lezon orain. Emaitza bikain horiei esker bere mailako finalean lehiatuko da dantzari elgoibartarra. A eta B sailetako dantzari onenek Errenterian jokatuko dute finala, maiatzaren 25ean.
Haizea Luluaga elgoibartarrak ere dantzatu zuen Lezoko txapelketan, eta bosgarren postuan sailkatu zen. "Lehen hiru sailkatuak zein izan diren bakarrik esaten diete dantzariei eta publikoari; eta, irakasleok bakarrik izaten dugu sailkapen osoaren berri. Nik, normalean, ez diet sailkapen horren berri ematen, jende aurrean moldatzeari eta ikasten jarraitzeari ematen diodalako garrantzia, jendaurrera bakar bakarrik irteteak merito handia baitu. Halere, oraingoan, Haizeari zer postutan geratu den esan diot", azaldu du Jon Lizarralde irakasleak.
Uxue Cabrera, finalera
D saileko dantzariek, 15-16 urtekoek, Legazpin jokatuko dute finala, maiatzaren 18an. Finalera sailkatutakoen artean dago Uxue Cabrera dantzari elgoibartarra.
Dantzari Bakarlarien emanaldia, maiatzaren 10ean
Aurten edo aurreko urteetan aurresku txapelketetan aritu diren Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako ikasleek Dantzari bakarlarien emanaldia egingo dute maiatzaren 10ean, Kalegoen plazan, 19:30ean.