Segurtasuna hobetzeko, tunelaren egungo erreien konfigurazioa aldatzea erabaki du Bide Azpiegituretako departamenduak.
Aldunditik arrazoitu dutenez, GI-2634 errepideak tarte honetan ezaugarri bereziak ditu, norabide bikoitzekoa baita San Antolin biribilgunearen (38+756 KP) eta GI-3174 errepidearekiko bidegurutzearen (30+870 KP/Olasoko bidegurutzea) arteko tartea osatzen duten ia zortzi kilometroetan zehar; baina, Azkarate gaineko zatian errei gehigarri bat du, zirkulazio motelerako. Halaber, maldan dagoen tartea da, eta tunelaren eremuak trazatu bihurri samarra du. Bide-segurtasuna aztertzeko lan bat egin dute, eta azken urteetako istripu eta gertakariak aintzat hartuta, tuneleko egungo erreien konfigurazioa moldatzea erabaki dute. 2023. urte amaieran bi lagun hil ziren tunel barruan gertaturiko auto istripuetan: Zaragozako bizilagun bat hil zen azaroaren 15ean gertatutako istripuan; eta, 23 urteko Elgoibarko bizilaguna hil zen abenduaren 15ean izandako ispripuan.
Konfigurazio aldaketa
Orain arte, bi noranzkoetan, ibilgailu motelentzako erreiak (eskuinekoak) lagatzen zion bidea azkarrari. Aurrerantzean, baina, ezkerreko erreia izango da ibilgailu geldoei pasatzen utziko diena erreiak batzen diren unean.
Alegia, abiadura moteleko erreiak lehentasuna izango du errei azkarraren aurrean, eta idea amaitzera doala, pasatzen uzteko seinalea ezkerreko erreian doanak izango du, eta ez eskuinekoan doanak. Aldunditik azaldu dutenez,"Antolaketa hori bereziki onuragarria da luzetarako malda handiak daudenean, Azkarate gainera igotzeko bi noranzkoetan kasu honetan. Izan ere, errei motelean zirkulatzen duten ibilgailuek, ibilgailu astunak sarritan, abiadura nabarmen murriztu behar izaten dute errei azkarretik zirkulatzen ari diren ibilgailuei pasatzen utzi behar zaielako".
Horregatik, Bide Azpiegituretako departamenduak proposatutako irtenbidea da zirkulazio azkarrerako eta motelerako erreien amaiera-tarteen lehentasuna aldatzea. Horrez gain, Azkarateko tunelaren barruko bide-segurtasuna areagotzeko, beheranzko norabidean (Azkoitirako noranzkoan), errei gehigarriaren itxiera aurreratu dute; horrela, tunelean zehar errei bakarra egongo da noranzko bakoitzeko, bi noranzkoak bereizten dituen zebra-lerro bakar batekin, aurreratzeko erreia ezabatuz.