25.000 euroko dirulaguntza Txankakuari
Elgoibarko Udalak eta Txankakua Merkatari Elkarteak herriko merkataritzaren sustapena bultzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Udalak 25.000 euroko dirulaguntza emango dio Txankakuari 2024an, herrian merkataritza sustatuko duten jarduerak gauzatzeko. "Dirulaguntza honen helburua da Elgoibarko merkataritza-sarea sustatu eta sendotzea", azaldu dute. Funtsak asoziazionismoa sustatzera, inguruko udalerrietako bezeroak erakartzera eta azalera handietara gastu-ihesa saihestera bideratuta daudela gaineratu dute, prestakuntza- eta komunikazio-jardueren eta fidelizazio-kanpainen bidez.
20.000 euroko dirulaguntza Aizu! ostalari elkartearentzat
Elgoibarko Udalak eta Aizu! ostalarien elkarteak 2024. urtean zehar hainbat jarduera antolatzeko 20.000 euroko dirulaguntza adostu dute. Jarduera horien artean daude fidelizazio-kanpainak, bezeroarentzako eskaintza erakargarriak prestatzea eta bezeroak udalerri handiagoetara ez joateko ahaleginak egitea, Udaletik jakitera eman dutenez. Bi aldeek adostu duten hitzarmenean jaso duten alderdi nabarmenetako bat komunikazio eta ekitaldi publiko guztietan "euskara sartzea eta erabiltzea" dela azpimarratu dute, "eskualdearen nortasun kulturala sustatuz eta indartuz".
Hitzarmena berehala jarriko dutela indarrean jakinarazi dute, eta 2024ko abenduaren 31ra arte luzatuko da. Gardentasuna eta betetzea bermatzeko, Aizu! Elkarteak fondoen erabilera egokia justifikatu beharko du 2025eko urtarrilaren 13a baino lehen. Hitzarmen honen bidez, tokiko ostalaritzaren "kalitatea eta ikusgarritasuna" hobetzeaz gain, inguruko eremuetako bisitariak erakarri nahi dituzte Elgoibarrera, herriaren garapen jasangarriari laguntzeko asmoarekin.
Aizu! ostalarien elkarteko ordezkariak Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagarekin. Arg: Elgoibarko Udala.