Elgoibarko makina erremintari buruzko 'Metalaren arrastoak' argazki erakusketa Urretxun ikusgai

Barren 2024ko api. 12a, 15:11

Eduardo Arrillaga eta Esmeralda Zapparoli argazkilari elgoibartarrek Elgoibarko makina erremintaren mendeurrenaren harira kaleratu zuten Metalaren arrastoak argazki liburua, 2014an. Liburuan jasota dauden hainbat argazki tamaina handian erakutsiko dituzte orain Urretxuko Juan De Lizarazu aretoan.

Elgoibarko industriaren alderdi humanoa iruditan jaso nahi izan zuten Edu Arrillaga eta Esmeralda Zapparoli argazkilariek Metalaren arrastoak liburuan. Santa Klarako komentuan mojek josteko makinentzat egiten zituzten pedalen harira hainbat argazki atera zituzten 1994an eta 1996an Sigma lantegia husten ari zirenean beste batzuk. Artxiboan gorde eta erreminta-makinaren mendeurrenaren harira, 2014. urtean hasi ziren ideia lantzen Arrillaga eta Zapparoli. Elgoibarko industriari buruzko ideia orokor bat jaso nahi zuten liburuan, "batik bat arlo humanoa". "Izan ere, denak dira makinak, baina makinak pertsonek egiten dituzte eta beraiekin pertsonek egiten dute lan", azaldu zuten liburuaren aurkezpenean, duela ia hamar urte. Urtebetean 42.000 argazki atera ostean, 137 aukeratu zituzten Metalaren arrastoak libururako. 


Erakusketa, Urretxun

Libururako ateratako argazkiekin osatuko dute Urretxun ikusgai jarriko duten erakusketa. Juan De Lizarazu aretoan egongo dira ikusgai bikote elgoibartarraren argazkiak, apirilaren 12tik 28ra bitartean. Erakusketa ikusteko ordutegia, honakoa da: martitzenetik domekara, 17:30-20:30. Arrillagak eta Zapparolik bisita gidatua ere egingo dute apirilaren 17an, eguaztena, 18:00etatik aurrera.