Juan Jose Araolaza euskaltzalea hil da, Elgoibar Ikastolako eta Elgoibarko Izarrako lehendakari izandakoa

Barren 2024ko api. 12a, 12:16

Juan Jose Araolaza Lahidalga euskaltzale eta kulturgilea hil da, 80 urterekin. Zizurkildarra zen sortzez, baina 11 urte zituela etorri zen Elgoibarrera bizitzera, aitaren lanagatik.

Zaragozara joan zen ikastera eta handik Madrilera gero, Podologia ikasketak egitera, eta handik bueltan, 1970ean, Ongarri Kultur Elkarteko eta Elgoibarko Izarrako kide egin zen. Felix Etxeberria ‘Parapanek’ eta Luis Bilbaok proposatuta, Elgoibarko Izarrako lehendakari kargua hartu zuen gero eta Elgoibarko Ikastolaren lehendakaria ere izan zen, ikastola legalizatu aurretik eta osteko urteetan.

Elgoibarren bera izan zen, besteak beste, Aubixa aterpetxearen eragilea. 1970. urtearen bueltan, 30 urte zituela otu zitzaion Araolazari euskararentzako aterpetxe bihurtzea Aubixa. Kalamuatik buelta eginda zetorren egun batean bururatu zitzaion ideia zoragarri hura, jende askoren lanari esker gauzatu zuena gero Elgoibarko Izarrak. Zarauzko ikastolako orduko zuzendari zen Imanol Muruarekin harremana zuen Araolazak eta ezagutzen zuen Zarauzko ikastolak umeak, gurasoak eta irakasleak aterpetzeko Aian hartua zuen aterpetxea (Goiatz). Elgoibarren antzeko zerbait egitea zuen amets eta proposatu zuen Elgoibar ikastolako guraso batzordean. Hala ekarri zituzten Elgoibarrera garai hartan Zarauzko ikastolako irakasle ziren Andu Lertxundi eta Imanol Urbieta, proiektua azaltzera. Aubixa baserria hutsik zegoen garai hartan eta alokatu zuen Elgoibarko Izarrak udaleku moduan erabiltzeko, ikastolatik kanpo ere, umeei euskaraz jarduteko eta bizitzeko espazioak eskaintzeko. Makina bat euskaltzale jardun ziren Elgoibarren proiektu haren alde lanean, auzolanean, eta  1973an hasi ziren ikastolako umeak Aubixara igotzen. (Aubixa ireki zutenetik 40 urte pasa zirela ospatzeko omenaldia egin zuten 2013an)

Araolazak berak honela kontatu zuen Aubixaren sorrera ahotsak.eus-en jasota duten bideo-testigantzan:

Arantxa Arrieta elgoibartarrarekin ezkondu zen Araolaza eta Elgoibartik Eibarrera aldatu ziren gero. Han ere ahalegindu zen Eibar euskalduntzen. 1992an, Eibarren euskara gutxi entzuten zela-eta, euskara elkartea sortzea erabaki zuen euskaltzale talde batek, eta bera izendatu zuten …Eta Kitto! euskara elkarteko lehenengo presidente. 1993an Elena Lakak eman zion erreleboa. ...Eta Kitto! euskara elkartea sortu berritan, honakoak izan ziren bere adierazpenak: “Inoiz baino gehiago ematen ari zaio euskarari laguntza klase bat, gehienbat diruarekin eman leikiena: Eusko Jaurlaritzatik, eskoletarako, ikusgailuetan... Baina horrekin ez da nahikoa, kalean ez delako hitzegiten. Ez da beharrik ikusten euskaraz egiteko. Kontzientziazioa lortu behar da eta, horretarako, derrigorrezkoa da presio soziala, euskal mundutik sortutako presioa, beharrezko hartuemanak euskaraz egiteko. Ea modu horren bitartez sartzen den jendea gurdi horretan”.