Aubixa handi egiten lagundu zuten guztiak omendu dituzte eskertza ekitaldian

elgoibarren.net 2013ko urr. 21a, 15:19

Euskarak espazio berriak irabazi behar zituela-eta, Aubia (Aubixa) baserria aterpetxe izateko atontzea erabaki zuen orain 40 urte Elgoibarko Izarrak. Hala, Ikastolatik kanpo ere umeei euskaraz jarduteko tokia eskaini zieten. Harrezkero, euskara sustatzeko aterpea izan da Aubixa, eta ez hori bakarrik, dozenaka umeren eta begiraleren memorian bizi dira-eta han bizitako pasadizoak. Urte hautan guztietan Aubixako proiektu pedagikoa handi egiten lagundu duten guztiak izan zituzten gogoan, joan den zapatuan egin zuten eskertza ekitaldian. (argazkiak dauzka)



  75 bat lagun inguru batu ziren Elgoibarko Izarrak eta Aubixa Kultur Erakundeak antolatu zuten eskertza ekitaldian, zapatu arratsaldean. Maialen Astigarragak egin zituen aurkezle lanak eta Maddi Mendibilek hasi zuen ekitaldia, poesia bat irakurriz. Ondoren, Juan Jose Araolaza eta Mila Osoro igo ziren oholtza gainera, Aubixako eragileen izenean. Duela 40 urte, Juan Jose Araolazak, sasoi hartan Elgoibarko Izarrako presidente zenak, ekarri zuen Zarauztik Aubia baserria aterpetxe moduan atontzeko ideia. Halaxe sortu zen Aubixa euskara sustatzeko aterpe bihurtzeko ideia.
 Elgoibarko Izarrak baserria alokatzea erabaki zuenean, baina, hutsik zegoen. Lan handia egin behar izan zuten aubixa atontzen. Makina bat lagunek ekin zion lanari, borondatezko lanari. Dirua lortzeko, kartoia eta papera bildu eta saltzen jardun zuten dozenaka lagunek. Gero, kiloka saltzen zuten batutakoa, eta diru harekin egin zuten obra. Zaharberritze lan haietan jardun zuten gurasoen izenean hamar lagun igo ziren oholtzara zapatuan eta Daniel Legorburuk azaldu zuen nola mobilizatu zuten Elgoibar. Guztien lanari esker Aubixa umeak hartzeko prestatu zutenean, Sanjoanetan hasi eta irailean ikasturtea hasi bitartean, hamabi eguneko egonaldiak egiten hasi ziren eskola-umeak. Ikastolako umeak ziren hasierako haiek denak. Hori dela-eta, Elgoibar Ikastolaren izenean bi lagunek berba egin zuten zapatuko ekitaldian, Elgoibar Ikastolako egungo presidente Edurne Bilbaok eta Marisabel Aizpuruak. Lehen txanda hartako kide izan ziren bost "ume" igo ziren gero oholtzara. Ondoren, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak hartu zuen hitza elgoibartar guztien izenean. Alkatearen ostean Aubixaren iragana atzean laga eta etorkizuna irudikatu zuten ekitaldiko antolatzaileek. Hala, Innobasquek zuzendutako CIE taldeko kide den Olga Gomezek  azaldu zituen Aubixak hasiko duen etapa berriari buruzko xehetasunak.
Maritxu Loiola eta Joxepa
 Ekitaldiko unerik hunkigarrienak iritsi ziren gero. Batetik, Maritxu Loiolak hartu zuen hitza, eta Aubixaren bueltan egon diren lagun guztiak eskertu zituen. Eta, bestetik, gure artetik joan eta Aubixa proiektu pedagogikoa sortzen eta garatzen lagundu duten guztiak gogora ekarri eta omendu zituzten. Joxepari, Maritxu Loiolaren ama zenari, eginiko elkarrizketa baten grabatutako pasarte bat jarri zuten. Elgoibarko Izarrako presidente Iñaki Kondek eman zion amaiera ekitaldiari. Parte hartu zuten lagun guztiak oholtzara igo eta aurreskua dantzatu zieten Haritz Arrietak eta Lurdes Odriozolak. Ekitaldi ofizialaren ostean, jan-edanerako tartea zabaldu zen eta musikariek alaitu zuten giroa. Goizaldeko 01:00ak arte iraun zuten dantzek, musikak eta kantuek Aubixan, eta kalera gustura jaitsi zirela azaldu dute antolatzaileek, "Aubixaren 40. urteurrena merezi moduan ospatu ondoren".
•ARGAZKIAK
 
 
  *Argazkiak: Naiara Martin.