2019ko maiatzean egin zuten estreinakoz boxeo jaialdia Elgoibarren. Profesionalen arteko borroka jokatu zuten Soraluzeko boxeolari Ixa Rodriguezek eta Oksana Romanova ukraniarrak (Rodriguez gailendu zen), eta amateur mailako bost borrokaldi ikusteko aukera ere egon zen Olaizaga kiroldegian jokatu zuten jaialdi hartan. Soraluzearrak gidatzen duen Sorabox taldeak antolatu zuen jaialdi hura Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, eta orain bigarren boxeo jaialdi bat ekarriko dute Elgoibarrera. Maiatzaren 4rako antolatu duten jaialdian amateur mailako hamar borrokaldi ikusteko aukera izango da. Ixa Rodriguezek azaldu duenez, emakumeen boxeoa sustatzea eta ezagutzera ematea da euren asmo nagusia. Bera erretiratu da dagoeneko boxeotik, baina Team Neskabox taldeko zortzi emakume igoko dira ring-era, lau boxeo borrokalditan parte hartzeko; eta, gizonen arteko borrokaldiak izango dira gainerako seirak.
Sarrerak salgai
Dagoeneko hasi dute sarreren aurre salmenta. Olaizaga kiroldegian, Soraluzeko Arane kiroldegian edota 676 866 922 telefono zenbakian eskuratu daitezke, eta 15 euroan salduko dituzte aurre salmentan. Egunean bertan 20 euroan erosi ahal izango dira sarrerak.
Pisaketak Malapen
Boxeo jaialdiari ikusgarritasuna emateko boxeolarien pisaketak Malape tabernan egingo dituzte. "Ez dakigu oraindik taberna barruan edo Maalako parkean egingo ditugun pisaketak. Jendea ikustera gerturatzea da gure nahia, une ikusgarria baita", azaldu du Rodriguezek. 17:00etan izango dira pisaketak eta 19:00etan hasiko dira borrokaldiak.