Lokala lagatzeko erabakia Gurutze Gorriaren konpromiso sozialean oinarritzen dela zehaztu dute Udaletik, hau da, arreta hurbila, zeharkakoa eta pertsonalizatua eskaintzea gehien behar dutenei. Elgoibarko Gurutze Gorriak hainbat ekintza gauzatzen ditu, besteak beste, laguntza beharrean dauden familien inguruko balorazioak, laguntza-saioak, elikagaien eta higiene-produktuen banaketak, erosketa-bonuen esleipenak eta eskola indartzeko eskolak.
Udalak urtebeterako laga dio lokala Gurutze Gorriari, baina adostu dutenaren arabera, lagapena beste hiru urtez luzatu ahal izango dute, "automatikoki". Lokalaren erabilera egokia eta segurua bermatzeko hainbat baldintza ere ezarri dituzte; hala nola, Gurutze Gorriaren operazioetarako bakarrik erabiltzea eta azken horrek erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzeko eta mantentzeko betebeharra.
Elgoibarko Udal Ludoteka egon zen lehen lokal horretan, Bolatokiko parkera lekualdatu ziren arte.