Festa giroan estreinatu dute ludotekaren kokagune berria

Barren.eus 2023ko aza. 21a, 14:16

Bolatokiko parkeko Udal Ludoteka berria inauguratu zuten atzo, egun seinalatuan, Ume eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean.

16 urtez Gabriel Kurutzelaegi kalean egon ondoren, Bolatokiko parkera aldatuko dute Elgoibarko Udal Ludoteka. Hainbat hilabetez obrak etenda egon ostean, maiatzean ekin zioten berriro ludoteka berria eraikitzeko lanari, eta herriko umeek atzo erabili ahal izan zuten lehen aldiz ludoteka berria, festa giroan eta egun seinalatuan, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunean, azaroaren 20an, ireki baititu ateak. Inaugurazio ekitaldian, DJ Kaktusek dantzan jarri zituen neska-mutilak. Elizako arkupeetan aritu ziren dantzan eta kantuan lehenik eta, eta 18:00etan inaugurazio ofiziala egin zuten gero. Segidan ludoteka bisitatzeko aukera izan zuten umeek eta familiek eta luntxa ere egon zen.

Ludotekaren egoitza berria 180 metro koadroko lokala da, sukaldearekin eta umeen aisialdirako beharrezkoak diren prestazio guztiekin. Maialen Aranguren Gazteria Saileko teknikaria "pozik" dago kokaleku berri honekin eta uste du herriak asko irabaziko duela. "Aita Agirre inguruan ibiltzen dira ume asko; musika eskola ere bertan dago eta aurrerantzean esku-eskura izango dute ludoteka ere". Ludoteka berria umeentzako erreferentea izatea nahi dute. Ludoteka zerbitzua HH5etik LH6ra bitarteko haurrei zuzenduta dago, libre izango da sartzea, debalde, eta umeei aisialdi hezitzailea eskainiko diete bertan, horretarako prestatuta dauden hezitzaileek lagunduta. Herrigunean egoteak umeak ludotekara eramatea erraztuko duela uste du Arangurenek.

 • Gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioari buruzko hitzaldia, gaur
Ludoteka irekitzeaz gain, Elgoibarko Udalak hitzaldi bat antolatu du gaurko, azaroaren 21erako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren TREBA Gurasoak prestakuntza-ekimenaren parte gisa. Hitzaldiak "Komunikazioa familian. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzea" izenburua edukiko du, eta Leyre Canok emango du. Gurasoei zuzenduta dago. Ludotekan izango da, 18:00etan. Interesa dutenek labur.eus/komunikazioafamilian edo gazteria@elgoibar.eus edo 943 741 050 (Gazteria Saila) telefonoan eman dezakete izena.

 

 

2023 11 20 ludoteka elgoibar inaug dj kaktus BARREN 2

2023 11 20 ludoteka elgoibar inaug dj kaktus arduradunak

2023 11 20 ludoteka elgoibar inaug dj kaktus BARREN globoak

2023 11 20 ludoteka elgoibar inaug dj kaktus BARREN globoak2

2023 11 20 ludoteka elgoibar inaug dj kaktus arkupeetan